Juanjo Mena orkestra zuzendariak Arabako Urrezko Domina jasoko du

Erredakzioa 2017ko urt. 17a, 11:26
2016an Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi zuen Mena orkestra zuzendariak.

Apirilaren 28an jasoko du Menak Foru erakundeak ematen duen saririk garrantzitsuena.

Arabako Foru Aldundiak Juanjo Mena orkestra zuzendariari emango dio Arabako Urrezko Domina, erakundeak ematen duen saririk handiena. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiaren hitzetan, Menaren “hutsik gabeko ibilbidea” saritu nahi dute, “ bere arloan munduan erreferente izatera eraman duena, eta bide horretan Arabaren izena planetako agertokirik garrantzitsuenetara eraman du, orkestra sinfonikorik onenen buru zela”. Ohi bezala, saria apirilaren 28an jasoko du orkestra zuzendariak, San Prudentzio egunean, hain zuzen ere. Besteak beste, Menak Espainiako Musika Sari Nazionala jaso zuen 2016an.

Menaren ibilbidea

Juanjo Menak (Gasteiz, 1965) Gasteizko kontserbatorioan egin zituen musikako lehenengo urratsak. Bertan, klarinetea jotzen ikasi zuen Juan Laordenekin, eta harmonia eta konposizioa Carmelo Bernaolarekin. Madrilen jarraitu zuen bere prestakuntzarekin, eta ondoren abiatu zen Alemaniara, Arabako Foru Aldundiaren Guridi-Bernaola bekaren eskutik, Sergiu Celibidache maisuarekin lan egitera.

Klarinete irakasle izan zen Gasteizko kontserbatorioan, eta ikasleen orkestraren zuzendari ere bai; Cluster abesbatza sortu eta zuzendu zuen, eta Jesus Guridi talde instrumentala ere zuzendu zuen. EGO Euskal Herriko Gazte Orkestraren zuzendaria izan da hainbat urtez, bai eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari elkartua ere. Gaur egun, BBC Philharmonic orkestraren zuzendari titularra da, baina Bergen Filharmoniske Orkester orkestraren zuzendari gonbidatu nagusia, Genevako Carlo Felice antzokiko zuzendari gonbidatu nagusia eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular eta artistikoa ere izan da.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide