Alberto Zerain mendizalea izango da ostegunean SolasAlean saioan

Erredakzioa 2017ko urt. 16a, 12:51

Elkarrizketa irekia egingo diote Hodei Arrausi kazetariak eta Sonia Kintana Sarburu elkarteko kideak. Oihaneder Euskararen Etxean izango da, 19:00etatik aurrera.

Datorren ostegunean, hilak 19, 2017ko lehen SolasAlean saioa egingo dute Arabako ALEAk eta Oihaneder Euskararen Etxeak. Oraingo honetan, Alberto Zerain mendizalea izango da gonbidatua.  Hodei Arrausi EITBko kazetariak eta Sonia Kintana Txasko Salburuko Sarburu elkarteko kideak egingo dituzte gidaritza lanak eta betiko lez, publikoak nahi beste galdera egin ahalko ditu. Elkarrizketan esandakoak ALEAn argitaratuko dira. Elkarrizketa irekia 19:00ean izango da Betolaza aretoan. Sarrera irekia da lekua bete arte.

Alberto Zerain (Gasteiz, 1961) ogibidez kamiolaria da eta bokazioz mendizalea, dagoeneko bederatzi zortzimilako eginak dituen mendizalea. Manaslu izan da igotako azkena 2016ko urrian. Manaslurekin batera Makalu, K2 eta  Dhaulagiri ere bakarrik igo zituen. Nabarmentzekoak ere Fitz Roy, Poincenot, Alpamayo, Yerupaja, Huascaran eta Ama Dablan gailurrak. Ia nahi gabe hasi zen eskalada giroan murgiltzen. Hamabost urterekin  lagun talde batekin haitzuloetan sartzeari ekin zion, eta berehala GEMI – Manuel Iradier talde espeleologikoa- taldeko bazkide egin zen.  Denborarekin serioago hartu zuen eta entrenatzen hasi zen, mendiko erronkak gero eta ugariagoak izaten hasi zirelarik. Pirineoetatik Alpeetara eta Andeetatik Himalayara ibili da. Mendira joatea bidaitzeko aitzakia bikaina da Albertorentzat.

SolasAlean saioa

SolasALEAn Oihanederrek eta ALEA komunikabideak elkarlanean egindako ekimena da, hilero arlo anitzetako pertsonak modu hurbil eta atseginean gehiago ezagutzeko aukera ematen duena. Kazetarien-elkarrrizketa gidarien galderez gain, publikoak egindakoak ere erantzuten dituzte gonbidatuek. Orain arte Gorka Urbizu, Garbiñe Biurrun, Kike Amonarriz, Josebe Iturrioz, Ane Irazabal, Juan Jose Ibarretxe, Joxe Mari Agirretxe Porrotx Maialen Lujanbio, Gemma Zabaleta, Iñaki Perurena, Zuriñe Hidalgo eta Jone Goirizelaia izan ditugu gurean solasAlean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide