Arabak aurrekontuak izango ditu 2017an

Erredakzioa 2016ko abe. 12a, 10:15

EAJk eta EH Bilduk akordioa lortu dute, datorren urterako aurrekontuak aurrera ateratzeko.

Arabako Foru Aldundiak aurrekontu berriak onartuko ditu 2017rako, EAJk eta PSEk osatzen duten Foru Gobernuak  EH Bildu batzarkide taldearekin lortutako akordioari esker.

Akordio honekin "zerga politikaren eztabaidarako egutegi bat eta toki erakundeeetako finantzazioa handitzea" lortu duela adierazi du EH Bilduk. Izan ere, bi baldintza hauek oinarrizkoak ziren EH Bildurentzat, datorren urteko aurrekontuak negoziatzeko eta akordioa lortzeko. Asteburuan Arabako Batzarrak oniritzia eman zion itunari.

Horrela, besteak beste, toki erakundeen 2018ko finantzaketa % 0,5 gehitzea adostu dute, EH Bilduk jarritako ezinbesteko baldintza. Era berean, Arabako Foru Aldundiko gobernuak hitza eman du 2017an fiskalitatea berrikusteko, betiere EAEko gainerako ogasunekin elkar hartuta. Hala, datorren urteko hiruhilekoan indarrean dagoen sistemaren balantzea egingo da. Bigarren hiruhilekoan, berriz, hiru zerga handien eztabaida zabalduko da. PFEZren kasuan, errenta altuei bataz bestekoa igoko zaiola azaldu du EH Bilduk, ohar baten bidez. "Sozietate Zergan hobariak murriztuko dira eta Ondasun ZErgan ezkutu fiskala kentzea edo murriztea planteatzen da". Eztabaida hau datorren urteko ekainerako amaituta egotea aurreikusten dute.

Horrez gain, kuadrilletan oinarrizkoak diren zerbitzuak (euskara, berdintasuna, ingurumena eta parte hartzea) egonkortuko dira eta finantzazioa ez da gobernuaren menpe egongo, finantzazioaren ohiko banaketan egongo da sartuta.

"Negoziazioa ez da erraza izan, azken unean heldu da eta herri osoan bide honetatik aurrera egitearen beharra azpimarratu nahi dugu. EAJren foru gobernuaren ahultasunak nagoziazioa behartu du", nabarmendu du EH Bilduko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok.

"Berri ona arabarrentzat"

"Arabarentzat berri ona" dela adierazi du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, izan ere, "aurrekontuei esker, sendotu egingo dugu 2016an hasitako aldaketa. Honen xedea  ekonomia suspertzea eta enplegua berreskuratzea da, eta baita ere lidergoa berreskuratzea lurraldeko politika sektorialen arloan".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide