"Garai berrietan ez dago legerik, moldatu ala hil"

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2016ko aza. 29a, 11:34
Zea Mays./ Alea

Harro disko berria kaleratu du Zea Mays taldeak eta ostegunean Gasteizen aurkeztuko du. Taldeko abeslaria den Aiora Renteriak ALEArekin hitz egin du.

Zea Mays taldearen sorreratik 20 urte igaro dira. Maketa lehiaketa bat irabazi eta gero, bilbotarrek musika-talde profesionala eratzea erabaki zuten. Hortik aurrera, hamaika kontzertu eskaini ditu taldeak Euskal Herrian, eta arrakasta ere mugaz gaindi lortu du, tartean Europan edo Kanadan. Azken bi hamarkadetan, gogor eutsi diote haiek eraikitako musika estiloari, baina doinu berriak gehitzen joan dira ibilbidea aurrera egin ahala. Horixe da Harro, taldearen azken lana: erritmo berriak betiko estiloarekin uztarturik. Datorren abenduaren 1ean, ostegunean, Jimmy Jazz aretoan eskainiko du kontzertua Zea Maysek. Aiora Renteria abeslariarekin egon da solasean Arabako Alea, taldea zertaz "harrotzen den" jakiteko.

 

Datorren urtean, Zea Maysek 20 urte beteko ditu. Nola baloratzen dituzue urte hauek?
Harro egoteko modukoa da, horregatik deitu diogu diskoari Harro. Datorren urtean 20 urte egingo ditugu taldekide berberak elkarrekin. Zortzi disko, ehunka kontzertu, pilo bat herrialde eta jende ezagututa. Musikarekin disfrutatzeko osatu genuen taldea eta orain ere hasieran bezalako ilusioa eta grina daukagu musikarekin jolasteko eta bizitzeko.

Nola moldatu zarete garai berriei?
Ez dago beste legerik, moldatu ala hil. Horrela egin dugu aurrera, oztopoak gaindituz, beti aurrera. Zeozer maite duzunean ez dago aitzakiarik aurrera joateko. Gainera beti izan ditugu esperientzia oso onak, eta txarrenak arin-arin ahaztu edo baztertu ditugu.

Harro du izena zuen azkeneko diskoak. Lan honi dagokionez, zertaz zaudete harro ?
Freskua eta bizitasunez beteta dago disko hau. Abesti guztiak oso onak dira, eta nahiko ezberdinak haien artean. 20 urte pasa ondoren horrelako disko berria egitea harro egoteko modukoa da.

Hitz bakarrean, zein da album honen bidez transmititu nahi duzuen mezua?
Gogoa, gogoa ondokoarekin egoteko, negar egiteko, alai egoteko, dantzatzeko, kantatzeko, azken baten bizitzeko.

Zeintzuk dira azkenengo disko honek dakartzan berritasunak?
Betidanik abestiak gitarraren akorde batetik jaio dira, eta ondoren sartu dira melodiak, erritmoak eta osatu ditugu abestiak konponketa ezberdinekin, teklatuak, sintetizadoreak erabiliz... Disko honetan ia erdia, sintetizadoretik eta programazioetatik jaio da. Horrela melodia ezberdinak eta inoiz ez erabilitako erritmoak sortu dira. Abestiak nahiko laburrak egin ditugu beste diskoekin konparatuta, eta erritmoak arinagoak.

Zertan inspiratu zarete disko honetako abestiak sortzeko?
Ez dago ezer zehatzik, kontzertu asko ikusten dugu, bidaitzen dugu ahal dugun beste, musika asko eta ezberdina entzuten dugu eta bizitzan barneratzen ditugun esperientziak dira gure inspirazio iturri nabarmenak.

Zergatik konbinatu dituzue erritmo ezberdinak?
Diskotik diskora beti gauza berriak frogatzen ditugu, eta interesgarriak sortarazten direnean aurrera eramaten ditugu. Lehen esan dugun bezala asko bidaiatzen dugu, eta gauza erakargarriak topatzen ditugunean, gure abestietan lan egiteko erabiltzen ditugu.

Kontzertu sorta eskaintzen ari zarete Euskal Herrian zehar. Zer nabarmenduko zenukete Gasteizko publikoaz?
Aspalditik eta leku ezberdinetan jo dugu Gasteizen, eta beti izan dira kontzertu oso beroak eta alaiak. Aurtengoa ere horrela izatea espero dugu.

Zergatik sortu duzue Garden Records zigilua?
Autoekoizpen bat da, eta Zea Maysen izenarekin bereizteko marka hori sortu dugu. Garden, Morphina diskoaren kanta itzela da, eta horrexegatik jarri diogu izen hori.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide