Adigrafik, Artepan, Etxeko Baratza, Lautada Bizirik eta Ciudad Jardin saritu dituzte euskara bultzatzeagatik

Erredakzioa 2016ko aza. 25a, 11:08
Amarika aretoan egin zuten sari banaketa, atzo. /Quintas

Euskararen presentzia "txertatu eta hedatzegatik" jaso dituzte aurtengo Lazarraga sariak.

Lazarraga Sariek laugarrenez nabarmendu dituzte Arabako esparru sozioekonomikoan euskara txertatzeko eta hedatzeko lanak daramatzaten entitateak. Euskara sustatzeagatik egindako ahalegina aitortzea eta goraipatzea xede nagusia izanik Adigrafik, Txema Pascual (Artepan), Etxeko Baratza, Lautada Bizirik eta Ciudad Jardin izan dira sarituak, urtean zehar, bakoitza bere alorrean, euskararen alde aurrera eramandako ekimenengatik. 

Adigrafik Amurrion dagoen eta sektorean 25 urteko esperientzia duen diseinu grafikoen eta web diseinuen enpresa da. Hala ere, urte batzuk lehenago arte grafikoetan jardundako enpresa da, diseinu-estudio eta zentro grafiko gisa sendotutakoa; gaur egun, teknologia berrietara egokitzen dira urrats bat harago emateko. Bertan kontratazio berrietan euskaldunek lehentasun osoa dute eta hizkuntza paisaia zein kanpo harremanetan euskara hobesten dute. “Saritua izateko irizpide ugari jasotzen dituen enpresa da eta beraien jardunak erakusten duen osotasuna azpimarratu da, enpresaren egiteko guztia eta partaide guztiak kontuan hartzen dituen eredua da”, esan dute epaileek.

Artepan 1983an sortutako artisau-okindegi eta gozotegia da. Bertan Txema Pascual da arima, Gasteizeko euskararen agenda erreferente bilakatu den pertsona, bai barrura begira egiten ari den lanagatik, langileekin euskararen presentzia, erabilera eta ezagutza bultzatzen ari delako etengabe. Eredu da egiten ari den bidean beste askorentzat. Enpresan arduradun bat, gidaria egon ohi da eta euskararen normalizazioari begira bera da bultzatzaile nagusia. “Artepan enpresan euskara plana dute eta hori posiblea da bere lidergoaren bitartez. Sari honen bidez Arabako enpresetan pertsonek duten lidergo gaitasuna agerian jarri nahi dugu”.

Etxeko Baratza Kanpezuko Urbisuko familia enpresa txiki bat da, 55 hektarea ingururekin nekazaritza ekologikoan diharduena. Kanpo harremanetan, tiketak, produktuen inguruko informazioa, hizkuntza paisaia etab euskaraz ematen dute eta barne harremanetan euskara hutsean jarduten dira. Administrazioarekiko harremanak euskara hutsez egiten dituzte eta ahozko harremanetan euskaraz jardutera gonbidatzen dute bezeroa haien jarrerarekin. 

Lautada Bizirik Lautadako merkataritza, ostalaritza eta gainerako zerbitzuetako lehenengo elkartea da eta ACICSA eskualdeko merkatarien elkartea. Euskararen presentzia bermaturik dago antolatzen dituzten jardueretako txartel, aurkezpen eta abarrekoetan eta Aguraingo 75 ordu euskaraz egitasmoan ere parte hartze eta jarrera ona erakutsi dute bertako merkatariek. “Zerbitzua euskaraz eman eta lan egiteko hartu dituzte neurriak. Kanpoko komunikazio oso aproposa diharduten esparrua kontuan harturik. egin duten apurraz haratago, aurrera begira duten potentziala saritu nahi da”, dio epaimahaiak.

Eta azkenik Ciudad Jardin Gasteizko Institutua gizartearen zerbitzura dagoen Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bat da .Etorkizunerantz aurrera doaz bere prestakuntza-eskaintza inguruko enpresen beharretara eguneratuz eta bere gelak teknologia berrienaz hornituz. Euskaraz egindako prestakuntza egiteko plana, Araban bere ikastetxeko ikasleek Lan Praktikak euskaraz egin ahal izateko ahalegina handia izan da eta neurri batean erreferente bihurtzen ari dira. “Lan praktikak euskaraz egiteko aukera eta errealitatea dela gizarteratzen ari dira zeharka eta horrek bere indarra dauka, Araban eskaintza handiena ahalbidetzen duen ikastetxea izanik”.

Lazarraga Sarien laugarren edizio honetan nabarmendu nahi izan dute Araban euskararen normalizaziorantz emandako aurrerapausoak, esparru guztietan, eta, batez ere, arlo sozio-ekonomikoan. Etorkizunera begira, bide beretik jo behar dela adierazi dute, elkarlanean, indarrak batuz eta euskaraz bizi eta lan egitea erronka bezala harturik

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide