Hareazko doinuak

Anakoz Amenabar 2016ko urr. 20a, 11:27
Arabako SEADen Lagunen Elkarteko Amagoia Murua eta Dani de Ayala izan dira Hotsneba-ko kideekin. | A. Murua

Sahara Kantari lehiaketako irabazle Hotsneba taldeak Tindoufeko errefuxiatuen kanpamentuetan antolatzen den FiSahara jaialdia ezagutu eta kontzertu bat emateko aukera izan du.

Sahara Kantari lehiaketa aitzaki, Euskal Herriko hainbat gaztek hango errealitatea ezagutzeko aukera izan dute egunotan. Arabako SEADen Lagunen Elkartearen eskutik, Aljeriako errefuxiatuen kanpamentuan izan dira herritarrekin bildu eta han garatzen ari diren hainbat proiekturen jarraipena egiteko. "Behin eta berriro besoak zabalik hartzen gaitu herri honek. Gauerdia pasata heldu ginen beraien etxeetara eta esna zeudela, heldu orduko afaria prest genuen", azaldu du egitasmoaren koordinatzaile Amagoia Muruak.  Ezberdintasun kulturalak atzean utzi eta egunez egun familiekin harremana sendotu dutela nabarmendu du. 

Sahararen aldeko abesti lehiaketa irabazi dutenek, Hotsneba taldeko kideek –Hareazko erlojua kantarekin –, Tindoufeko kanpamentuetan antolatzen den FiSahara jaialdia ezagutu eta kontzertu bat eskaini ahal izan dute. Gazteek han bizi duten gatazka bertatik bertara ezagutaraztea izan du helburu. "Luze dirau gatazka honek eta medioetan duen presentzia lausotuz joan da denborarekin, saharar populazioak  sufritzen dituen ondorioak ez bezala", aipatu du Muruak. Eta FiSaharan, hain zuzen, aurten herrialde okupatuen gaia jorratzea izan du helburu eta herrialde ezberdin askotako jendeak hartu du parte.

Goizean tailerrak izan dituzte eta arratsaldean pelikula emanaldien tartea izan da. "Hareaz inguratuta, gaueko aire libreko zinema alternatiboaz gozatzeko aukera ezinhobea izan da; zinemaz aparte, mahai-inguru politikoak eta kontzertuak izan dira, Hotsneba taldearena tartean". 

Nazioarteko lana

Jaialdira hurbildu den jendearekin ez ezik, lurralde okupatuetako ministerioko hainbat bururekin biltzeko aukera izan dute, eta hango egoeraren sentsibilizazio internazionalaren beharra nabarmendu dute. Horretarako baliagarri izan daitekeen Watching Western Sahara plataforma ere ezagutu dute. "Askotariko arazoei aurre egin behar diete, arazo urgenteak direnak, uholdeak kasu, eta estrukturalak, osasuna, elikadura. Baina ez dugu ahaztu behar okupazio ilegal baten ondorioak besterik ez direla".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide