Solaskidea bidelagun

Naiara Lpz de Uralde 2016ko urr. 13a, 10:27
Mintzalaguntzaileentzat ere egitasmoan parte hartzea oso aberasgarria da.

Gero eta gehiago dira Mintzalaguna programan izena ematen duten mintzalagunak, eta baita mintzalaguntzaileak ere.

 

Batzuek EGA lortu, besteek ahaztutako hizkuntza freskatu, eta zenbaitek jende berria ezagutu nahi dutelako. Asko eta asko dira Mintzalaguna egitasmoan izena emateko arrazoiak. Baina Ana Oregi Pintado, Nagore Amezketa, Manu Gil eta Ione Padillaren kasuak, ordea, bestelakoak dira. Guztiak mintzalaguntzaileak dira, eta mintzapraktika egiteko elkarretaratze horietan euskaraz egiten dela bermatzea da beren eginkizunik nagusiena. "Mintzalaguntzaileek era boluntario batean parte hartzen dute ekimen honetan. Baina ez dira ez irakasleak, ezta gramatikako zirrikitu guztietan adituak ere. Hitz egiten laguntzeko daude soilik", azpimarratu du Naroa Cuestak, GEU elkarteko arduradunak.

Mintzalagunaren helburu nagusia euskara ikasten dabiltzanei edota hitz egiteko aukera gutxi dutenei topagune bat eskaintzea da. Horretarako, 6 eta 8 pertsona bitarteko taldeak sortzen dituzte, haien ordutegiaren eta zonaldearen lehentasunen arabera. "Normalean adina ere kontuan izaten dugu. 30 urte beherakoak, adibidez, euren artean elkartzen saiatzen gara, taldea aurrera ateratzeko irtenbide bakarra hori dela uste baitugu", azaldu du Cuestak.

Pasa den ikasturtean, adibidez, 85 talde desberdin eta 80 mintzalaguntzaile egon ziren. "Horretan ahalegintzen bagara ere, ordutegien arabera oso zaila izaten da talde guztietan mintzalaguntzaile bat egotea. Dena dela, badaude bi laguntzaile dituzten multzoak ere", dio Cuestak. 

Baldintzak 

Mintzalaguntzailea izateko bete behar den baldintza bakarra euskaraz ongi aritzea da. Horregatik, antolakuntzatik laguntzaileak irakasleak edota zuzentzaileak ez direla oso argi utzi nahi dute. "Nik ez zuzentzea erabaki nuen. Azkenean kafe bat hartzeko elkartzen gara ordu batez, eta oso nekagarria izaten da momentu oro besteen akatsak zuzentzea", azaldu du Oregik. "Gainera, beti haien gainean bazaude ez dira askatzen eta ez dute inoiz lotsarik kenduko", argitu du Amezketak. "Nire taldean, aldiz, kontrakoa gertatzen da, niri zuzentzeko eskatzen didate! Askotan klasean egiten ez dituzten galderak niri egiten dizkidate", dio Gilek.

Beraiek beste partaide baten  moduan ikusten dute beren burua, eta asko laguntzen badute ere, kide guztiek badakite taldearen barnean ez direla ezinbestekoak. 

 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 78. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide