Buru gaixotasuna duten pertsonen elkarteak 40 urte bete ditu

Naiara Lpz de Uralde 2016ko ira. 29a, 10:19
Buruko gaixotasuna dutenen inguruan zineak erakutsi duen "irudi okerra" jorratuko dute jardunaldietan; irudan, 'Elling' pelikula

40 urte zure ondoan lelopean, hilaren 2an Arabako Asafes elkarteak urtebetetze jaia ospatu zuen. Urrira begira, ordea, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte buru gaixotasunen aurrean gizartea sentsibilizatu nahian.

 

Asafesek, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Arabako elkarteak, 40 urte bete ditu aurten. Elkarte honek 1976. urtean egin zituen bere lehenengo urratsak, eta gaur egun 463 bazkidek, gaixoek eta haien senideek, eta laguntza ematen duten boluntarioek familia handi bat osatzen dute. 

Egindako ibilbide luze honetan momentu oro gaixoen zein bere senideen bizi kalitatea hobetzeko asmoz gogor lan egin dute Arabako Kuadrilla desberdinetan eta baita Gasteiz mailan ere, Paula Muniozguren langileak azaldu moduan. "Une zailak bizi izan ditugun arren, instituzioek emandako laguntzarekin eta orain arte lortu dugun emaitzekin oso pozik gaude". Halere, oraindik "lan asko" egiteke dagoela onartu du, "gizarte honetan gaixotasun mentalak oso estigmatizaturik daudelako".

Urrian, egitarau zabala

Urteurrena ospatzeko, urrirako hainbat ekitaldi prestatu dituzte jendea buru gaixotasunen aurrean sentikor agertu dadin. Urriaren 4an, esate baterako, 19:00etan, teknologia berriak buru osasunerako arriskutsuak diren edo ez jorratuko duen hitzaldia eta mahai-ingurua antolatu dute Europa biltzar jauregiko Gasteiz aretoan. 

Urriaren 11tik 23ra, ordea, Asafes, barrutik kanpora izenburua duen erakusketa ikusgai egongo da El Pilar gizarte etxean, 10:30etik 13:30era, eta 16:30etik 19:30era. Erakusketa hau elkarteko langile eta erabiltzaileen artean prestatu dute, eta publikoari elkartearen urteetako ibilbide luze honetan egindako lan guztia aurkeztea du helburu nagusi. 

Amaitzeko, azken urte hauetan zinearen bitartez buru gaixotasuna jasaten duen pertsona baten "irudi okerra" sortu egin dela salatzeko eta hainbat aurreiritzirekin amaitzeko asmoz, zine-forum ziklo bat antolatu dute. Lehenengo emanaldia urriaren 14an izango da, eta bertan El lado bueno de las cosas pelikula eskainiko dute. Urriaren 21ean, aldiz, Di_capacitados filmaren txanda izango da, eta azkenik, urriaren 28an Elling pelikula izango da ikusgai. Emanaldi guztiak 18:00etan izango dira Vital Fundazioaren aretoan, Dendaraban, eta sarrera doakoa izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide