I25 Hauteskundeak

Hauteskunde kanpainak, puxikatik gildara

Estitxu Ugarte 2016ko ira. 22a, 16:27
HBren kotxe karabana. Arg: Manu Arakama

Bideoak, sare sozialak eta hautagaiekin aurrez aurrekoak gailentzen ari dira hauteskunde kanpainetan, kartelak, mitin masiboak eta kotxe karabanak alboratuz; lehengo pasioa galdu da, mezu aseptikoen mesedetan.

 

Erreferendum nahiz hauteskunde baten aurretik alderdi politikoek, hautagaiek eta bestelako eragile politikoek boto emaileei euren programa politikoa ezagutarazteko eta botoa eskatzeko egiten duten ekitaldien multzoa, gehienetan propaganda eta marketin politikoa baliatuta". Hala definitzen du Wikipedia entziklopedia askeak hauteskunde kanpaina. Kanpainak irauten duen hamabost eguneko epean alderdi eta lider politikoek borroka mediatiko latzari eutsi behar diote, hainbat ikerketek baieztatzen baitute epe hori erabakigarria dela jarraitzaileen jarrerak indartzeko eta zalantzak dituztenen botoak irabazteko.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1980. urtearen martxoaren 19an ospatu ziren lehen hauteskunde autonomikoak. EAJren eta PSOEren arteko polarizazioak markatu zuen orduko hauteskunde kanpaina, eta alderdi abertzaleen artean Euskadiko Ezkerraren eta EAJren arteko talka. Barne eztabaida gatazkatsuen ondoren, HBk hauteskundeetara aurkeztea erabaki zuen, baina erreforma politikoaren kontrako posizioari eutsi zion, eta Eusko Legebiltzarrean ez parte hartzeko erabakia hartu zuen. Orduko lemak dira, esate baterako, EAJren Gobernu oso bat herri oso batentzat EEren Euskadi, ezkerretik eraikitzeko edo PSOEren Euskadi, guztientzat.

Alderdien arteko tentsioa oso handia zen, eta hauteskunde kanpainan islatzen zen, ezinbestez. Gatazka politikoak eta armatuak eragiten zuten beste testuinguru batean desmobilizazioa bultzatuko luketen alderdiak kalea gune politiko moduan erabiltzera. Hala, 1.000  ekitaldi politiko baino gehiago egin zituzten urte hartan alderdi politikoek, besteak beste txarribodak, kontzertuak, kotxe karabana handiak, bizikleta martxak, eta mitin jendetsuak. Pankarta koloretsuek, muralek, eta kartelek hilabete luzez okupatu zituzten herrietako kaleak eta hormak.

Erabateko aldaketa

Hogeita hamasei urte pasatu dira, eta panorama erabat aldatu da. ETAk jarduera armatua bertan behera utzi ostean,  alderdien arteko tentsioak hein handi batean baretu egin dira, giro politiko eta sozialarekin batera. Bestalde, azken urteetan, pixkanaka, hauteskunde kanpainak profesionalizatu egin dira, marketin politikoak, eta soziologiak hartu dute militante amateurren ikuspuntuaren eta lanaren tokia.  

Aldaketa hauek eragin dute bereziki egungo hauteskunde kanpainek lehengo gatza eta piperra galtzea, eta herritarrek askoz distantzia handiagoarekin bizitzea alderdien arteko lehia. Hori da komunikazioko, eta marketineko zenbait profesionalekin hitz egin ostean ondorioztatu daitekeena. 

"Egoera politikoa erabat aldatu da. Gatazka politikoak konfrontazio egoera batera eraman gintuen, ezinbestean. Korapiloa askatu da eta gaurkoa aukera garaia da: ezkertiarrak, eskuindarrak, abertzaleak…, edozein hitzarmen posible da, karanbola ugari suerta daiteke. Bestalde, aldaketa teknologikoek gure bizimodua goitik behera aldatu dute, eta nola ez, horrek gure politika ulertzeko era ere baldintzatu du". Hala ikusten du Armando Bayer Bilboko BO5T talde grafiko agentziako diseinugile eta publizistak. 

Bere testuinguruan kokatu nahi izan du Bayerrek azken urteetan kanpainen diseinuan jazo den aldaketa. "Orain dela gutxi arte, politikaren eragina erabatekoa zen. Kaleak kartelez eta pintadaz gainezka zeuden, kuadriletan politikaz hitz egitea oso ohikoa zen, eta muturreko iritziak ere entzuten ziren nonahi. Nolabait, egoerak behartzen gintuen modu batez edo bestez, politikan parte hartzera. Oso zaila zen zurrunbilotik kanpo egotea. Gatazka hain gogorra ez den momentu honetan, eta agian atsedena behar genuelako, beste lasaitasun batekin bizi dugu politika, eta hauteskunde kanpaina". 

Zentralitatearen bila

Komunikazioari eta marketinari dagokienez, soziologia eta politologia inoiz baino garrantzia handiagoa hartzen ari direla uste du. "Egun, ikerketa soziologikoen arabera zehazten da arazoen aurrean alderdi bakoitzak duen iritzia nolakoa izan behar den. Alderdi guztiak zentralitatearen bila dabiltza, eta horrek ideologiak berdintzen ditu. PP izan ezik, besteek nahiko posizio antzerakoak erakusten dituzte". 

Hauteskunde kanpaina honetan alderdi guztien helburua zelai politikoaren erdigunea okupatzea dela antzematen du Joseba Bartolome komunikazio aholkulari gasteiztarrak ere. "Kanpaina aseptikoak dira, hotzak, inork ez du garrasirik nahi bere kanpainaren inguruan, taularen zentralitatea bilatzen ari dira, mezu zabalak eta integratzaileak zabaltzen dituzte, higienikoak". Gatazkak sortzekotan kontrolatuak direla azaldu du aholkulariak, eta horren adibide jarri ditu PSEk euskararen inguruan egindako adierazpenak eta horrek eragindako erantzunak: "PPri boto-emaileen sektore bat irabazi nahi izan dio", argitu du.

Okerrik ez egitea

Oasi itxurako kanpaina egitearen atzean beldurra egon daiteekela uste du Bayerrek. "Lehen, alderdi guztien iritziak oso agerikoak ziren, eta hautagaiek eztabaidari beldurrik gabe ekiten zioten, bere posizioak defendatzen zituzten. Egun, huts egiteari beldurra somatzen da eta, nire ustez, hori alderdien sinesgarritasunaren kalterako da. Are gehiago, estrategia okerra dela esatera ausartuko nintzateke, izan ere, denek karta berdinekin jolastu nahi dute eta denek ezin dute irabazi". 

Bartolomeren ustez "mezu aseptikoek" askotan zaildu egiten dute jakitea nork hitz egiten duen. "EAJren slogana eta EH Bildurena hartu dezakezu, eta alde gutxi dago, zeharkako mezuak dira, karga ideologiko baxukoak".

Ildo horretan, iragan uztailean, Espainiako hauteskundeen testuinguruan, Komunikazio politikoa eta hauteskunde estrategiak izeneko jardunaldietan, EAJko hauteskunde kanpainetako buru Iñigo Iturratek azaldu zuen lehentasuna okerrik ez egitea dela: «EAJren helburua da ahalik eta emaitzarik onena eskuratzea. Guretzat, kanpainan okerrik ez egitea da helburu hori lortzeko biderik seguruena. Hauteskundeetara iristen da ibilbide batekin, eta xede nagusia da ibilbide hori ez apurtzea, gizarteak aitortzen dizkizun balio horiekin hausturarik ez egitea». 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 75. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide