Bertako ekoizle ekologikoak bilduko ditu Bionekaraba azokak

Erredakzioa 2016ko ira. 30a, 14:45
Irudia: Mendiolaaraba

Larunbatean ospatuko dute Foru plazan.

Larunbat goizean Bionekaraba azokak Arabako eta gertuko beste lurralde batzuetako nekazariak, abeltzainak eta ekoizle ekologikoak elkartuko ditu Gasteizko Foru plazan. Hala, 50 bat saltokitan barazki freskoak eta sikuak, askotariko kontserbak, okela eta hestebete freskoak, ogia eta deribatuak, ardoak eta garagardoak, eztia eta kosmetika edo ehun-gaiak topatuko dituzte bertaratzen direnek. Guztiak, modu ekologikoan ekoitziak, kimikoetatik eta transgenikoetatik libre. 20 urteko ibilbidea duen azoka ekologiko honen antolatzailea Arabako ekoizle ekologikoak biltzen dituen Bionekazaritza elkartea da eta besteak beste,  kontsumitzaileak produktu bakoitzaren atzean dagoen pertsona, familia edo kooperatiba ezagutu dezan bilatzen du. Gainera, eguerditik aurrera, lantegiak eta jarduerak egongo dira, hala nola, hiri-ortua eta eguzkia-energia aprobetxatzeko lantegiak, txikientzako herri kirolak, euskal musika eta Yokerendan antzerki talde gasteiztarraren El efecto sandia antzezlana.

Aste agroekologikoa Judimendin

Gainera, herritarrak elikagaiei buruzko errealitatera hurbiltzeko Judimendiko aste agroekologikoa antolatu du Bionekazaritzak. Irailaren 28tik 30era bitartean, hitzaldiak, lantegiak, mahai-inguruak, bertso-afaria eta kontzertuak izango dira; ortu bat lantzen, gazta egiten edota bertako produktuak erabiliz eskola-jantokietako menuak egiten ikasiko dute parte hartzaileek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide