Gero eta bidaiari gehiago, Arabako herrietako autobus-lineatan

Estitxu Ugarte 2016ko abu. 23a, 11:48
Arabako autobus linea

Arabako herrien artean garraio publikoa erabiltzen duten bidaiarien kopuruak gora egin du nabarmen urteko lehen seihilekoan. Guztira, 326.783 bidaiari zenbatu dituzte.

Arabako Foru Aldundiak azaldu duenez, herrien arteko linea berrietako bidaiarien kopurua %23 handitu da, batez beste, 2016ko lehenengo seihilekoan. Bilakaerak, gainera, goranzko joera nabarmena marrazten du. Izan ere, ekainaren amaieran, linea batzuetan, %48ko igoera jazo da.

"Ibilbideak eta maiztasunak oro har hobetu izana, autobus berriak, erosoago eta modernoagoak zerbitzuan jarri izana eta ordaintzeko bide moduan BAT txartela sartu izana dira igoera horren arrazoi nagusiak -esan du Foru Aldundiak-. Beste faktore bat da azken urtean  aldaketak –zerbitzu, geltoki eta ordutegi berriak- sartu izana, toki erakundeek eta erabiltzaileek hala eskaturik".
 
2015eko ekainaren amaieran martxan jarri ziren Arabako Errioxako eta Aiarako linea berriak, eta urriaren 25ean hasi ziren Araba erdialdeko linea berriak.
 
Bilakaera desberdina da linearen arabera; hala Arabako Errioxak eta Aiarak, lehenengo seihileko horretan, %34ko eta %20ko igoerak izan dituzte, hurrenez hurren. Araba erdialdean ere, bilakaera positiboa dago, erabiltzaileen kopurua %17 handitu baita. Gainera, hiruretan kopurua hilabetez hilabete hobetuz joan da, eta Arabako Errioxaren kasuan ekainaren amaieran %48ra ere igo da bidaiarien kopurua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide