Karabana Greziara: mugak zabalduz ekinaldiarekin bat eginik, Gasteizko 40 lagun abiatu ziren uztailaren 15ean Greziara, Euskal Herriko beste 80 pertsonarekin batera errefuxiatuen eskubideak aldarrikatu eta Europaren politikak salatzeko. Etxean, berriz ere, balorazioa egiteko agerraldia egin dute gaur Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Europaren “migrazio politika kriminala” salatu eta nazioarteko elkartasun sarea “ehuntzen” laguntzeko deia egin dute.
Grezian izandako egonaldian, Europara sartzen saiatzen direnenen milaka pertsonei ezartzen zaien “gizagabeko egoeraren lekuko” izan direla azaldu dute karabanan parte hartu duten kideek, eta horren berri lau haizetara emango dutela: “Kanpalekuetan isolamendua, pertsonen pilaketa jasangaitza, osasun eta higiene baldintza penagarriak eta elikadura ezin txarragoa ikusi ditugu, eta honen aurrean gure gobernuek beste alde batera begiratzen dute”.
Egoera honen aurrean, mobilizatzera deitu dute eta, besteak beste, Europako Batasunak asiloari buruzko akordioak bete ditzan galdegin dute. “Erabaki sendoa hartu dugu estatuan lankidetza bultzatzen jarraitzeko eta saiatzeko lankidetza hori Europara ere zabaltzen”.
Hala, herritar guztiei dei egin diete migrazio kontuetan garatzen ari diren politikak salatzeko, eta Gasteizen egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko. “Ekimenekin jarraituko dugu, gutxienez, harik eta Europako Batasunak eta, gure kasuan, Espainiako Gobernuak bere gain hartu arte giza eskubideei eta asilo-politikari buruz eginak dituzten akordioak”.