Ostiral honetan Txirrindularitza Egokituaren Munduko Kopahasiko da Gasteizen, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren nazioarteko egutegiko probarik garrantzitsuena, hain zuzen ere. Aurten Salburua inguruko hiribideetan jokatuko da. Hurrengo egunetan, Bizkaian sartuko da lasterketa eta Bilbon amaituko da igandean.
Munduko 34 herrialdetako 311 parte-hartzaile izango dira; horien artean kirol honetako munduko elitea aurkitzen delarik. Hori dela eta, kirol egokituaren edozein modalitatetan Euskal Herrian inoiz egin den kirol-ekitaldirik garrantzitsuena izango da.
Munduko Kopan gizonezkoek nahiz emakumezkoek hartu ahal izango dute parte, txirrindularitza egokituko diziplina guztietakoak: Tandem (B), Hand bike (H), Trizikloak (T) eta Bizikletak (C). Horietako bakoitza hainbat klasetan banatzen da ezgaitasun mailaren arabera.
Lehiaketak uztailaren 15ean, ostiralean, hasiko dira kronoaren aurkako probarekin, eta Gasteizko Salburuan izango dira, irteera eta helmuga Buesa Arenan dela. 7,04 kilometroko zirkuituari hainbat bira emango dizkiote paratxirrindulariek, diziplinaren eta klasearen arabera. Lehen parte-hartzailea 9:30ean irtengo da, eta lehiaketa 19:00etan bukatzea espero da.