Gasteizen inoiz ikusi gabeko tximeleta espezie bat aurkitu dute Armentian

Erredakzioa 2016ko uzt. 12a, 10:17

Dagoeneko 105 eguneko tximeleta antzeman dira Armentian. Euskal Herrian animalia hau behatzeko lekurik onenetako bat bihurtu da.

Joan den uztailaren 8an, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko teknikariak Armentiako parkean eguneko tximeleten ohiko bilaketan ari zirela, w-zuria (Satyrium w-album) deritzon espeziearen bi ale antzeman zituzten. Estatuko iparraldean eremu txiki batean bizi den espeziea da, urria, eta Araban beste bizpahiru lekutan baino ez zen ezagutzen. Beti ale gutxik osatutako kolonia txikietan agertzen da.

80ko hamarkadan zabaldu zen zumarraren grafiosiak (zuhaitz mota honi eragiten dion gaixotasuna) eragin handia izan zuen espezie horren populazioetan. Hori dela eta, Zerynthia tximeletak eta haien ingurunea babesteko Espainiako elkarteak tximeleta horren habitata historikoki dokumentatu den lekuetan lehengoratzeko plan bati ekin zion 2015ean, grafiosiaren gaitzari erresistente diren zumar autoktonoak baliatuz.

Tximeleta mota horrek W formako lerro zuri bat du atzeko hegoen behealdean, hortik izena. Uztailean zuhaitz eta zuhaixkez inguratutako bideetan edo soilguneetan ikus daiteke.

Horrekin, dagoeneko 105 eguneko tximeleta antzeman dira Armentian. Parke hau Euskal Herrian lepidopteroak behatzeko lekurik onenetako bat bihurtu da. Gasteizko udalerriko espezie kopurua, berriz, 137ra iritsi da orain.

 2015ean intsektu horien jarraipen programa jarri zen abian Eraztun Berdeko parkeetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide