Frackingari uko egitearen Jaurlaritzaren iragarpena "kontraesankorra" dela esan dute

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko uzt. 8a, 13:16

Atzo Eusko Jaurlaritzak fracking teknika erabiltzeari uko egin zion, beharrezkoak diren ingurumen bermeak ez dituelako betetzen. Fracking Ez plataformak hartutako neurria nahikoa ez dela uste du.

 Eusko Jaurlaritzak uko egin dio fracking teknika erabiltzeari Energia Estrategia 2016-2030 planean, Arantza Tapia Ekonomia eta Lehiakortasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez, "beharrezkoak diren ingurumen bermeak ez dituelako betetzen".  Euskal lurazpian egon daitekeen gasa ikertzeko eta ustiatzeko hemendik aurrera ohiko teknikak bakarrik erabiliko dituztela  gaineratu zuen sailburuak.

 Eusko Jaurlaritzaren iragarpen hau "kontraesankorra eta eskasa" dela uste du Fracking ez plataformak. "Duela 10 urte baino gehiago ohiko tekniken bitartez gas hori ezin ateratzeak eraman zuen Ibarretxeko gobernua Estatu Batuetako enpresekin harremanak eta elkarlanak hastera gurera ez-ohiko teknikak, frackinga, ekartzeko. Orain alde batera uzten diren teknika berdinak. Hau da, Eusko Jaurlaritzak 10 urte luzez ikertze baimen batzuk mantentzeko eta SHESAren finantziaziorako inbertsio publikoak xahutu ditu, hasierako puntu berdinera bueltatzeko: ohiko tekniken bitartez gasa atera ezin izatera. Denbora galtze ikaragarri garestia".

 Era berean, Jaurlaritzaren erabakia nahikoa ez dela uste du plataformak.  Atzoko agerraldian, Arantza Tapiak baimen bakar baten galera onartu zuen, Angosto baimena, hain zuzen ere.  "Baina bitartean lurraldearen ehuneko oso handi batean eragina duten beste baimen guztiak mantentzen ditu". Baimen hauek guztiak bertan behera uztea izango litzateke "frackinga gure inguruan errealitate ez bilakatzeko berme bakarra".

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide