Abenduko Hauteskunde Orokorrekin alderatuta, arabar gutxiagok eman dute botoa gaur goizean zehar, Espainiako Barne Ministerioak 14:00etan emandako datuen arabera. Zehazki, arabarren %34,38 joan dira hauteskunde-ikastetxera bazkalordua baino lehen, aurreko bozketen %37,65aren aldean. Alegia, 3,3 puntuan egin du behera parte-hartzeak lurraldean.
Jaitsiera portzentaje horrekin, Araba izan da Espainia mailan parte-hartzea gehien jaitsi den bigarren lurraldea, Gipuzkoaren atzetik (-4,4). Edonola ere, bai Gipuzkoan, baita Bizkaian ere, Araban baino altuagoa izan da boto-emaileen ehunekoa. Hain zuzen, Euskadiko bataz-bestekoaren baino %1,6 baxuagoa izan da arabarren parte-hartzea, eta estatukoaren %2,5 txikiagoa.
Kalte, nori?
Gaur arteko inkesten arabera, parte-hartze baxu batek hautesle aldakorragoak dituzten alderdiei egin diezaioke kalte, ezkerrekoak batez ere (sozialistakbatik bat, baina baita EH Bildu ere, azken bozketen argitan), boto-emaile egonkorragoak dituzten alderdien mesedetan (PP eta EAJ kasu).
Edonola ere, behin-behineko datuak baino ez dira. Arratsaldeko 18:30ean berriz ere emango ditu Barne Ministerioak parte-hartze datuak. Kontuan hartzekoa da, era berean, posta bidezko botoa ia hirukoiztu egin dela, hauteskundeen data dela-eta: 14.107 eskaera egon dira lurraldean, abenduko 5.797ekin alderatuta, hautesle-erroldako bulegoaren arabera (8.310 gehiago).
ALEAk Arabako emaitzen berri emango du gauean zehar.