Araba Euskaraz 2016

Lautada Ikastola, "geroari begira" Araba Euskarazerako prest

Itsaso Estarrona 2016ko eka. 16a, 07:00
Argazkia: Samoa Fernandez de Aranguiz.

Duela zazpi urte sortu zuten Aguraingo Lautada ikastola. Igande honetan, bere bigarren Araba Euskaraz festa ospatuko du, "geroari begira" lelopean. 

Koskortzen hasi den umea da Lautada ikastola. Duela zazpi urte sortu zenean, dena zeukan egiteke, moja ikastetxe izateari utzi eta Ikastolen Federazioko zentro gisa funtzionatzen hasteko. Nola bizi izan dute eraldaketa-ibilbide hori? Ikastolako hiru kidek eman diote horren berri ALEA aldizkariari.   

Bi neska gazteren ama da Amelia Garcia de Vicuña aguraindarra. Bere alabak San Jorge auzoko eskolara bidali zituenean, mojen ikastetxe bat zen, Corazon de Maria izenekoa. Erlijio-emakume horiek Gapeko Probidentziako ordenekoak ziren, baina talde katoliko hori abiadura atzeraezinean makaltzen joan zen, gero eta kide gutxiago zituelako eta, zituenak, oso nagusiak zirelako. Hala, erretiroa hartzeko ordua iritsi zitzaien, eta ikastetxea ixteko erabakia hartu zuten 2008an. "Zer egin horren aurrean? Erabaki bat hartu behar genuen gurasook eta irakasleek", dio Garcia de Vicuñak. Hala, hainbat bide aztertu ondoren, guraso-kooperatiba bat osatzea erabaki zuten. 

Herrian badago beste ikastola bat, publikoa, Lopez de Larrea izenekoa, baina ikastetxeko gurasoek ordura arteko itunpeko-zentroan jarraitu nahi izan zuten: "Gure irakasleak mantendu nahi genituen, gure baloreei eutsi, eta hezkuntza ikusteko gure modua garatu". Asmo hori aurrera eramateko, Ikastolen Elkartearen baitako proiektua sortu zuten. 

"Sekulako txip aldaketa" izan zen gurasoentzat, Garcia de Vicuñaren hitzetan: "Lehen, ama edo aita bezala, umeak eskolara eramatea besterik ez zenuen egiten; guraso-kooperatiba sortu genuenetik, aldiz, ikastolan inplikatu behar izan gara; parte hartzen ikasi, erabakiak hartu eta proiektu guztietan busti".  

Grisetik kolorera

Gurasoen konpromiso maila ez da aldatu den gauza bakarra. Ikastolako zuzendari Txus Rodriguezen hitzetan, "eraikinaren itxura bera ere" aldatu da, bilakaera sakonago baten adierazgarri. "Pareta grisak eta tristeak zeuden tokian, orain koloreak eta alaitasuna dago; pentsa, garai batean irakasleok arazoak genituen hormetan materialak itsasteko...".

Irudiaz harago, hezkuntza ulertzeko modua aldatu dute, Txanela eta Urtxintxa bezalako pedagogia-metodoak erabilta. Jesus Mari Urbegain Zabaleta irakasleak 25 urte daramatza zentroan lanean, eta azaldu duenez, orain ikaskidetza dute zerumugan: "Ikasleen arteko lehia alde batean utzi eta bata besteari lagunduz ikasi dezaten nahi dugu, ikaskuntza prozesua ez dadin izan norberarena soilik –eta ondokoarekin lehian– baizik eta elkarrekin egindakoa". Bere hitzetan, "eraiki nahi dugun Euskal Herrira begirako euskal herritarrak heztea da ikastolaren helburua". 

B eredutik, "euskaraz bizitzera"

Hizkuntza-ereduan egin dute salto handienetako bat Lautada ikastolan, Urbegainen hitzetan: "Lehen, ikastetxean, B eredua zegoen; irakasgai gehienak euskaraz lantzen ziren, baina bizi, gazteleraz bizi zen bertan; gaur egun, aldiz, euskaraz bizitzera datoz ikasleak ikastolara, oraindik ere erabilera indartzeko lan handia egin behar dugun arren, bai ikastola mailan baita herri mailan ere". 

D eredua ezartzearekin batera, ikasleen euskara maila "asko hobetu da", Txus Rodriguez zuzendariak gaineratu duenez. Hala ere, gizartea gehienbat gaztelera-hiztuna da eta, beraz, "erabilera bultzatzea da orain erronka".  Zorionez, gero eta argi-izpi gehiago ikusten ditu euskararentzat Agurainen: "Gero eta guraso euskaldun gehiago dago, herriko euskara batzordea ondo funtzionatzen ari da eta 75 ordu euskaraz ekimen indartsua dago martxan".  

Lautada ikastola herriko beste hezkuntza-zentroekin elkarlanean aritzen dela nabarmendu dute ere Ameliak, Txusek eta Jesus Marik: eskolaz-kanpoko jarduerak elkarrekin antolatzen dituzte, eta Lomce hezkuntza legearen aurkako ekimenak ere elkarrekin abiatu izan dituzte orain arte. 

Araba Euskaraz, urte osoko lana

Ikastolaren ohiko mugimenduari zeregin estra bat gaineratu zaio ikasturte honetan: Araba Euskaraz festaren anfitrioi izatea. Egokitu zaien bigarren aldia da aurtengoa: sortu eta urtebetera, 2010ean, Gogo biziz lelopean ospatu zuten, bultzada hartzeko. Orduan, Oion ikastolak eman zion lekukoa, eta oraingoan ere halaxe izan da, bertako San Bizente ikastolak ospatu baitzuen iaz Arabako itunpeko ikastolen jaia Gasteizen, Piztu euskara lelopean. 

Pasa den udan hasi ziren prestaketa lanetan Lautadan. Batzorde ugari antolatu dituzte: dendaz arduratzen dena, egitaraua prestatzen duena, trafikoa eta ibilbidea kudeatzen dituena eta segurtasuna bermatuko duena, baita garbiketa, protokoloa eta ekonomia gaiak landuko dituzten taldeak ere. Zenbat guraso eta irakasle parte hartzen ari diren, "zaila da esaten", parte-hartze maila ezberdinak daudelako. Edonola ere, guztira, aurretiko lanak eta egunean bertakoak kontuan hartuta, 300 lagun baino gehiago dira Araba Euskaraz posible egiten duten euskaltzaleak. 

Federazioko beste ikastola batzuetatik ere gerturatuko dira hitzorduan laguntzera, ohikoa den moduan; tartean, Gasteiz, Amurrio eta Oiongo ikastoletako kideak. Horrek, Jesus Mari Urbegain irakaslearen hitzetan, "ikastolen arteko lotura indartzen laguntzen du, eta aberasgarria da". 

Igandeko jaia, diru-iturria

Euskaltzale ugari erakarri nahi dituzte igandeko ospakizunera, bai Arabatik, baita gainerako lurraldeetatik ere, "ekonomikoki laguntza handia izan daitekeelako ikastolarentzat". Urbegainek azaldu duenez, "mojek ez zuten eraikinean batere inbertitu, ikastetxea ixteko asmoa zutelako" eta, ondorioz, hainbat konponketa egin behar dituzte, eta gelak berriz margotu. Bestalde, hezkuntza eredua aldatu dutenez, gelak antolatzeko modua horren arabera joan dira moldatzen: "Aulkiak eta arbelaren ereduak honezkero ez digu balio; orain, lantaldean aritzeko, espazioa beste modu batera antolatzen dugu, eta horrek inbertsioak eskatzen ditu maiz". 

Diru-bilketaz harago, euskaltzaleentzat "egun ederra" izatea espero dute ikastolan, eta horretarako hainbat aholku eman dituzte, besteak beste garraio publikoa baliatzeko, edukiontziak eta komunak ondo erabiltzeko eta alkoholarekin arduratsu jokatzeko. Haien aldetik, osagai guztiak prest izaten ahalegindu dira, geroari begira ikastolari eta euskarari indarra emateko. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide