9.000 langile bilatuko dituzte Arabako enpresek datozen bi urteetan

Erredakzioa 2016ko eka. 1a, 10:51

EmpleoAraba.es webgunean arabarren curriculumak jasoko dituzte enpresek.

Vital Fundazioak eta SEA Arabako Enpresariak erakundeek  EmpleoAraba martxan jarri dute, Arabako industria sektorean enplegu eskaintza eta eskaria uztartzea helburu duena. Arabako enpresetan dauden berehalako kontratazio beharrizanei erantzun nahi dio egitasmo berri honek, izan ere, 9.000 lanpostu eskainiko dira datozen bi urteetarako.

 EmpleoAraba programak orientazio, tutoretza eta laguntza ibilbide pertsonalizatua emango du, baita prestakuntza berezia enplegu-eskatzaileak diren tituludun profesionalen ezagutzak eta gaitasunak enpresen hautatze-prozesuetara egokitzera bideratua. Programak 340.000 euroko hasiera-aurrekontua du eta erakunde biek finantzatu dute erdibana. 

 Lanbide heziketako profila, nagusi

Araban 25.000 pertsona inguru daude langabezian.  SEAk enpresa sarean egin duen ikerketa  batek dioenez, enpresek beste 4.450 profesional gehiago beharko dituzte aurten eta antzeko kopurua 2017an, hau da, bi urtetan 9.000 pertsona gehiago izango dira lanean. Gainera, eskaerek profil zehatza dutela somatu dute. Horrela, ikerketak dio kontratatutako hamar pertsonako, seik lanbide heziketako prestakuntza izan behar dute, hiruk unibertsitate prestakuntza eta batek ez du prestakuntzarik behar.

 2016an lanean hasiko diren 4.450 pertsonatatik, 2.000 kontratu erretiroagatiko errelebo kontratuak izango direla aurreikusi da, eta 2.450 enplegu berria izango dira.

Aholkularitza eta laguntza

 Behin kontratazio beharrizanak identifikatuta, EmpleoAraba proiektuak Arabako enpresek behar dituzten profil profesional kualifikatuak  identifikatuko dituen datu-basea eratzea du helburu nagusi.

Programa Kordoi Etxean kokatuko da, VITAL Fundazioaren egoitzan, eta han, SEAko teknikariek curriculuma ekartzera datozen pertsonak artatuko dituzte. Bertan aholkularitza izango dute, bitartekaritza eta laguntza lanak egingo dira eta euren gaitasunak eguneratzeko beharrezko prestakuntza zehaztuko da, lan aktibazioa sustatzeko. Lan aukerak handitzea da helburua eta Arabako industrien beharrizanetara egokitzea, egiten dituzten hautatze-prozesuetan arrakastaz parte hartzeko.

  

Nola sartu EmpleoAraban

 Interesa duten pertsonek euren curriculuma bidal dezakete www.empleoaraba.es web orriaren bidez edo Vital Fundazioaren egoitzan, Kordoi Etxean.  Era berean, 945 162 150 telefonoan  programarekin zerikusia duten galderei erantzungo zaie.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide