Zerbitzuak emateko trantsizio hitzarmena eskatu du Trebiñuk

Estitxu Ugarte 2016ko mai. 26a, 15:54

Trebiñuko herritarrek ezinbestekoak dituzten zerbitzuak emateko trantsizio hitzarmen orokorra eskatu du Udalak. Arabako Aldundiak baietz erantzun du. Burgosek ez du begi onez ikusi.

Trebiñu, lege organikoaren bidez, Araban integratzen den edo ez erabakitzen den arte trantsizio hitzarmena egiteko eskatu du Trebiñuko Konderriko Udalbatzak, "biztanleek ezinbestekoak dituzten zerbitzuak eskaintzeko eta kudeatzeko ditugun arazoak konpontze aldera". 

Udalbatza maiatzaren 20an bildu zen, eta bertan onartu zuen trantsizio hitzarmen orokorra bultzatzea; horretan parte hartu beharko lukete Gaztela eta Leongo Juntak, Eusko Jaurlaritzak, Burgosko Diputazioak, Arabako Foru Aldundiak eta Trebiñuko udalek.

Lehentasunak

Halaber, hitzarmen horretan bildu behar diren lehentasunezko zerbitzuak zerrendatu ditu Udalak: herritarren babesa eta larrialdi zerbitzuak, osasuna, hezkuntza, euskararen koofizialtasuna, garapen plan estrategikoak, zerbitzu sozialak eta inbertsioak. Zerbitzuen finantzaketa Gaztela eta Leongo Juntari dagokiola jaso du Trebiñuko Udalak.

Bestalde, Udalak onartu duen testuaren arabera, ekainean sinatu beharko da trantsitsio hitzarmena, eta Trebiñuren integrazioari buruzko lege organikoa Espainiako Kongresuan eztabaidatu arte iraungo du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide