Ekainaren 4an egingo dute Argantzon ikastolaren jaia

Estitxu Ugarte 2016ko mai. 26a, 15:37

Ekaineko lehen larunbata aukeratu dute aurten Argantzon ikastolaren jaia ospatzeko. Ikasturtea amaitzeko ikastolaren lana ezagutarazi eta herrian presentzia bermatu nahi dute

Orain dela sei urte hasi ziren garai honetan festa antolatzen. Ospatzeko beharra ikusi zuten, "alde batetik, ikasturteari amaiera emateko, eta aldi berean herrian presentzia izateko eta ikastolaren lana ezagutarazteko", azaldu Saioa Urizar ikastolako zuzendariak. 

Halaber, egoera ekonomiko larrian dagoen ikastola da Argantzungoa, "eta diru pixka bat lortzeko" baliatuko dute jaia. Hori guztia kontuan izanda, parte hartzeko deia egin dute. Dagoeneko Gasteizen eta Trebiñu osoan kartelak jartzen ari dira jaia iragartzeko.

Aurten ekitaldi guztiak larunbatean bildu dituzte, ekainaren 4an. Umeak eta euren gurasoak izango dira jaiaren protagonista nagusiak, eta haiei zuzendurik daude ekitaldi gehienak. Umeentzako tailerrak egingo dituzte goizean, eta arratsaldean haientzat ikuskizuna egingo dute zientzia dibertigarriaren ikuspuntutik. Bestalde, goizean ohiko artisau azokarekin batera bigarren eskuko azoka antolatu dute eta gurasoak arduratuko dira azoka hornitzen.

Urtero legez, herri bazkaria egingo dute, eta aurreko urteetan bildu dituzten 140 lagunen markari eustea espero dute antolatzaileek. Iaz bezala, Amarauna musika taldeak itxiko du Argantzon ikastolaren jaia.

EGITARAUA

GOIZEAN

11:00 Bigarren eskuko azoka eta artisau azoka.

11:00 Puzgarria eta umeentzako tailerra.

12:30 Algara dantza taldearen ikuskizuna.

14:30 Bazkaria. (Tiketak salgai Ansotegin eta Ikastolan bertan)

ARRATSALDEAN

17:00 Puzgarria.

17:30 'Naufragoa' umeentzako ikuskizuna.

18:30 Txokolatada.

18:30 Amarauna taldearen kontzertua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide