Motorren azoka eta ibilbidea egingo dute Azkena Rock jaialdian

Erredakzioa 2016ko mai. 25a, 17:43

 Julian Maeso eta Luke Winslow King artistek eguerdian Andre Mari Zuriaren plazan eskaintzen diren kontzertuak emango dituzte. The Sex Organs taldeak aurtengo ARF jaialdiaren kartela itxi du.

Motorrek protagonismo berezia izango dute ekainaren 17an eta 18an ospatuko den Azkena Rock jaialdian. Lehen aldiz, Motor Show izeneko ekimena antolatu dute eta larunbatean, motorren erakustaldia eta azoka egingo dute Mendizorrotzan. BMW Motorrad eta Moto Guzzi dira, besteak beste, bertan izango diren markak. Horrez gain, 90 kilometroko motorren ibilbidea antolatu dute. Goizeko 11:00etan abiatuko da Mendizorrotzatik, Gesaltza-Añanako Gatz Harana bisitatu eta Andre Mari Zuriaren plazan amaituko dena.

 

Julian Maeso eta Luke Winslow King, Andre Mari Zuriaren plazan

Azken urteetan bezala, Mendizorrotzan ez ezik, rock doinuak Gasteizko erdigunean entzungo dira. Julian Maeso eta Luke Winslow-King artistek, ekainaren 17an eta 18an, hurrenez hurren, Andre Mari Zuriaren plazan eskaintzen diren kontzertuak emango dituzte, biak eguerdiko 13:30ean.

 

Gaueko DJak eta The Sex Organs

The Sex Organs taldeak aurtengo rock jaialdiaren kartela itxiko duela iragarri dute antolatzaileek. Era berean, kontzertuen ostean gaua animatu duten DJak nortzuk izango diren jakinarazi dute: Dj Bone, Head & Bangers, Mr Fine Wine eta Chulina Diablo Dee Jay.

Aurtengo edizioan Primal Scream eta The Who izango dira ARF jaialdiko kartelburuak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide