V. mendi lasterketa honetan izena emateko epea martxoaren 31n zabalduko dute, eta ekainaren 10ean itxi. Magnesium Gasteiz M.K.E talde antolatzaileak ohartarazi du 150 korrikalarientzat tokia dagoela soilik, eta beraz kopuru horretara iristen direnean izen-ematea itxiko dutela. Arabako mendi lasterketa herrikoien txapelketarako baliogarria den mendi lasterketa da.
Lasterketa 09:00etan abiatuko da herriko plazatik, eta honako ibilbidea egingo dute korrikalariek: El Castillo, La Tejera, Busto, La Tejera, Castillo Viejo, El Castillo. Lasterketa honetan txertatuta, kilometro bertikalaren proba izango da ere; 17. kilometroan hasiko da, eta 240 metroko desnibel metatua du. Argantzungo Plaza hotelean gaua pasatzeko bi lagunentzako opari txartela emango zaie kilometro bertikalean denborarik hoberena egiten duten korrikalariei.