Gastroentiritisak jota, Giroa uztea erabaki du Landak

Unai Zubeldia, Berria 2016ko mai. 17a, 16:33

Hamargarren etapa hastearekin batera atzean gelditu da Sky taldeko murgiarra, eta zazpi minututik gorako galera pilatuta zeukala etsi du. Bigarren atseden egunaren ondoren, mendiko lehen etapa jokatzen ari dira gaur.

Albiste txar-txarrak iritsi dira Italiako Girotik. Herenegun erlojupeko bikaina egin eta faborito nagusien artean are indar handiagoa hartu berritan, Mikel Landa (Sky) erretiratu egin da Giroan, 66. kilometroan. Taldeak jakinarazi duenez, "gastroentiritisak jota" dago txirrindularia. "Tripako minez jaiki da goizean goiz, baina etapari aurre egiteko moduan izango zela uste genuen". Etapa hastearekin batera, ordea, nabarmen gelditu da Landaren ezina, Collina hirugarren mailako mendatean gora atzean gelditu delako arabarra.

Mikel Nieve eta David Lopez taldekideak ondoan zituela, saiatu da tropel nagusiarekin bat egiten, baina ezinezkoa izan da. Gorputza gehiago egurtu gabe, erretiratzea erabaki du, azkenean. Sailkapen nagusian zortzigarren postuan zegoen Landa, Gianluca Brambillarengandik (Etixx) 1.18 minutura.

Kolpetik iritsi da albiste txarra, bai atzo, bigarren atseden egunean, eta bai gaur goizean bertan, Campi Bisenzio eta Sestola arteko etapa hasi aurretik (219 km), oso baikor hitz egin duelako txirrindulariak. "Hanketan indarrik baldin badaukat, erasora joko dut", adierazi du arabarrak. Errepideak eta osasun arazoek, ordea, Giroa irabazteko lehiatik kanpo utzi dute. Dave Brailsford Skyko managerrak adierazi duenez, "talde gisa" joan ziren Girora. "Eta talde gisa jarraituko dugu, nahiz eta Mikel zen apustua. Pena da, mendiko etapetan erasora jotzeko prest zegoelako, Giroa animatzeko". Inigo Sarriegi taldeko medikuaren hitzetan, datozen orduetan erabakiko dute Landa nola artatu. "Lehenbailehen lehiara itzuli ahal izateko".

 

 

Albiste hau  Berria.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide