Sozietate eta Jarduera Ekonomikoaren Zergak aldatzea proposatu dute EH Bilduk, Podemosek eta Irabazik

Erredakzioa 2016ko mai. 16a, 12:19

Emakumeen kontratazioa errazteko neurriak planteatzen dituzte hiru taldeek, baita frackinga erabiltzen duten enpresak zigortzea ere.

Sozietate Zerga eta Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga arautzen dituen foru arauak aldatzeko proposamena aurkeztu dute EH Bildu, Podemos eta Irabazi batzarkide taldeek. Foru Gobernuaren "geldotasunaren" aurrean hartu dute erabakia.

Aldaketa honen bidez, Sozietate Zerga Enpresen etekinen gaineko zerga izatera pasako litzateke, horren helburua etekinen gainean zergak ezartzea delako eta horrek ez du zerikusirik enpresaren tamainarekin. "Egun operazio-kopuruaren arabera ordaintzen da baina progresibitatea bermatu nahi badugu, lortutako etekinen arabera ordaindu beharko dituzte zergak", azpimarratu dute Nerea Martinezek, Javier Bizarrok eta Damian Garciak, hiru taldeen izenean.

Emakumeen kontratazioa areagotu eta frackingaren erabilera zigortu

 Erregistratu den proposamenean, Enpresen Etekinen gaineko zergan, zerga ezkutua ezartzen da eta horren ondorioz kenkariak ezin izan dira %30etik gorakoak izan. Honen bidez, kenkari, zerga-salbuespen eta hobarien eskaintzen amaigabearekin amaitu nahi dute, gaur egun zergaren %95 kentzeko aukera baitago. Horrekin batera, eta emakumeak lan merkatuan sartzeko erraztasunak jartze aldera, 4.900 euro gehiago kentzeko aukera izango dute, beti ere, kontratazio epea gutxienez bi urtekoa bada eta hileko soldata gordinak lanbide arteko gutxieneko soldata %70an gainditzen badu. Horrez gain, frackingaren erabilera oztopatzeko asmoz, haustura hidraulikoa erabiltzen duten enpresak zigortzea planteatzen da hiru taldeek aurkeztutako proposamenean.

Bestetik, Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergan, egun zerga ez ordaintzeko 2 milioitan dagoen muga milioi batera jaistea planteatu dute.

Hauek ez dira izango hiru batzarkide taldeek zergen inguruan aurkeztuko dituzten aldaketa bakarrak. "Hurrengo erronka errentaren gaineko zerga aldatzea da eta horrekin batera, egungo ondare zerga aberastasun handien gaineko zerga bihurtzea izango da".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide