Baskonia Final Fourrean

Habe berriak

Erabiltzailearen aurpegia Oier Bravo 2016ko mai. 13a, 09:10

Baskoniak katedralaren prozesu berdina jasan du, hein batean.

Habe berriek egonkortasuna ematen dute beti. Gasteizko Santa Maria katedrala erortzeko zorian zela hasi ziren 2000. urtean eraberritze lanak. Gasteizko hiriaren ondarerik garrantzitsuenetariko bat salbatzeko helburuarekin, Santa Maria Katedrala Fundazioak hartu zuen lan horien ardura. Habe nagusiak konpontzea zen helburu nagusia, geroago, polit jarri eta hiri guztia –fededun nahiz fedegabe izan– hiriko eraikin zaharrenaz harro egoteko.

Baskoniak katedralaren prozesu berdina jasan du, hein batean. Aurten habe nagusia den Velimir Perasovicek egonkortasun handia eman dio taldeari, izan ere, denboraldi hasieratik talde berdina mantendu izan du, 13 jokalari, Tornike Shengelia georgiarraren lesioa estaltzeko asmoz etorri zen, Krijstian Kangur letoniarra denboraldi osoan zehar mantendu ez den jokalari bakarra izanik.

Datu honek guztiz ezberdintzen du aurtengo eta aurreko urteetako Baskonia, aurreko denboraldietan 14 jokalari horien zifratik oso urrun egon baita talde gasteiztarra. 2014-15 denboraldian, 24 jokalarik jokatu zuten ACBko partida bat gutxienez, eta horietako hamarrek hamar partidu edo gutxiago jokatu zituzten. 2013-14an, jokalarien kopurua nabarmen jaitsi zen, baina oraindik ere altu mantentzen zen, 19 jokalaritan hain zuzen ere. 

Aurten datu horren aldaketa nabarmena izan da, momentuz Davis Bertansek (lesionatuta egon baita orain dela hilabete t’erdira arte) eta Mamadou Diopek bakarrik jokatu baitute hamar partidu baino gutxiago. Horrez gain, nabarmendu beharra dago baita ere entrenatzailea denboraldi honetan ez dela aldatu, aurreko bi denboraldietan gertatu ez bezala. 

Egonkortasun honek emaitzak ere ekarri dizkio taldeari jadanik, izan ere, zortzi urte geroago Euroligako Final Four batean sartu da, eta berriro ere talde handienekin lehiatu da Euroligan, Ligan eta Kopan ere bai, pasa den denboraldian gertatu ez bezala, kopatik at geratuz 20 urtetan lehen aldiz eta Ligan eta Euroligan irudi kaskarra eskainiz.

Gasteiz berriro ere disfrutatzen ari da saskibaloiarekin. Habe berriak ezarrita, fedea inoiz galdu ez dutenen gain, fedegabeak ere Buesara bertaratzen hasiak dira aurten berriro ere. Titulu berriak klubaren bitrinetara ailegatuko dira berandu baino lehen, baina bere urrezko urteetan zeukan maila berreskuratzearen eta denboran zehar mantentzearen erronka hartu dute berriro Zurbaon. 

Horretarako lehen pausua, denboraldi honetako blokea mantentzea izan beharko litzateke 2016ko udako helburua. Hala ere, Velimir Perasovic berak TOP8ko azken partiduaren ostean Atenaseko OAKAn esan zuen bezala, oso zaila izango da, adibidez, Darius Adams eta Mike James antolatzaile amerikarrak taldean mantentzea. Europako talderik indartsuenek haien soldata bikoiztu edo hirukoiztuko dutela jakinda, helburu hau ezinezkoa dirudi eta hurrengo urtean taldearen berrantolaketa saihestezina bihurtzen du berriro ere. Urtero bezala. 

Badirudi Baskoniako obrak ez direla inoiz bukatzen, ez direla inoiz bukatuko. Beti egongo dela Obrengatik Irekita.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide