Frackingaren inguruko jarrera argia erakusteko eskatu diote Jaurlaritzari

Erredakzioa 2016ko mai. 9a, 09:04
Fracking Ez plataformaren ekintza.

Datorren ostiralerako elkarretaratzea deitu du; 21.30ean Legebiltzarrean.

Fracking Ez Araba plataformak azken asteetan gaiaren inguruan argitaratu diren hainbat albisteen balorazioa egin du ohar baten bidez. Apirilaren 8an Espainiako behin-behineko gobernuak  frackingaren aurkako euskal legeari Auzitegi Konstituzionalean errekurtsoa ipini zion. Aste honetan auzitegi berak euskal legearen aurkako errekurtsoa tramitera onartu du eta legea behin behinean baliorik gabe gelditu da, "modu honetan frackingari Euskal Herrian ate irekiak utzi dizkio", azaldu du plataformak.

Asteazkenean berriz, albiste hauen harira, Garapen Ekonomikorako sailburu  Arantxa Tapiak legea indargabetu den neurrian Eusko Jaurlaritzak agian frackingaren baimenekin aurrera egin dezakeela esan zuela azaldu du frackingaren aurkako plataformak.

Atzo, ordea, legebiltzarrean, EAJ alderdiak, EH Bildu, PSE eta PPrekin batera mozio bat aurrera atera zuten, gobernuari hiru kontu eskatuz: batetik, legeak bertan behera utzitako erabakiaren aurkako helegitea ipintzea Eusko Legebiltzarrean erabakitakoa errespetatzearren; bigarrenik, SHESA enpresa publikoari frackingaren inguruko ikerketa, esplorazio zein ustiapenak ez egitea behartzea; eta azkenik, frackingera bideraturiko diru publikorik ez ematea.

Fracking Ez Araba plataformak begi onez ikusi ditu hiru neurri hauek, baina "guztiz salagarria iruditzen zaigu euskal gobernuaren jarrera, ez baitu inondik inora argi uzten frackinga galarazteko jarrera argirik". Egoera honen aurrean, lanean hasteko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta alderdi guztiei.

Datorren ostiralean elkarretaratzea

Horrekin batera, datorren ostiralean elkarretaratze ibiltaria egingo duela iragarri du. 21.30ean izango da Eusko Legebiltzarrean.

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide