Greba mugagabea hasi dute Forondako langileek

Erredakzioa 2016ko api. 25a, 10:30
Irudia: @VITairport

Aenak ez du onartu bidaiarientzako hegaldiak urte osora luzatzea ahalbidetuko duen bideragarritasun plana negoziatzea. Programatuta dauden hegaldi guztiak irtengo direla ziurtatu du Sustapen Ministerioak.

Foronda aireportuko langileek greba mugagabea hasi dute gaur, Aenak ez baitu onartu bidaiarientzako hegaldiak urte osora luzatzea ahalbidetuko duen bideragarritasun plana negoziatzea.

Soilik goizeko txandako langileak daude deituta greba honetara, ez ordea, gaueko txandako langileak. Izan ere, Gasteizko aireportuaren ohiko ordutegia 20:30etatik 08:30ak arte izaten da.

Hori dela eta, gaur hasi den greba honek Aenak Foronda ekainera bitartean goizez zabaltzeko kontratatu dituen aldi baterako 22 langileei eragiten die bakarrik. Besteak beste, goizeko txanda honetan Imsersoko Nagusientzako oporraldi programaren baitan Kanariar eta Balear Uharteetarako hegaldiak eta San Prudentzioko zubian Lisboara eta Moskura antolatu diren charter hegaldiak artatuko dituzte.

Izan ere, programatuta dauden hegaldi guztiak irtengo direla ziurtatu du Sustapen Ministerioak egindako zerbitzu minimoen zirriborroak. Langileen batzordeak, ordea, bere desadostasuna agertu du zerbitzu minimo hauen aurrean, langileen ehuneko ehunari eragiten baitio.

Hortaz, greba honek ordutegi ofizialetik kanpo eskariz egindako hegaldiei eragingo die bakarrik, ez ordea, DHL enpresaren zama hegaldiei.

Ordu eta langile gehiago

Enpresa batzordeko presidente Alejandro Bastillak azaldu duenez, langileek Forondako ordutegia luzatzea eta langile kopurua handitzea eskatzen dute, “orain arte bezala lan egiteak, hau da, eskariz lan egiteak, malgutasun laboral handia eskatzen duelako”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide