Gaur goizean Zarataren aurkako 2016-2020 Ekintza Plana onartu du Aldundiak eta udalei bidaliko die. Guztira, 1,7 milioi euro inbertitzea aurreikusi da, zirkulazioak eragiten dituen eragozpenak txikiagotzeko. Udalerriek 30 egun balioduneko epean txostenak aurkezteko aukera izango dute. Gero, behin betiko onartu aurretik, jendaurrean jarriko da, edozein pertsona fisiko zein juridikok alegazioak aurkeztu ahal izateko.
Zarataren aurkako Planaren asmoa da datozen bost urteetan 1,7 milioi euro inbertitzea pantaila akustikoak ezartzeko, ibilgailu gurpildunen zirkulazioak errepideetatik hurbil dauden hiri inguruetan eragiten dituen eragozpenak gutxitzeko xedez.
Zarataren aurkako Ekintza Planak lehentasunez ekiteko hiru gune ezartzen ditu Araban: N-622 errepidea Arangiztik igarotzen den lekua, N-622 errepidea Sarritik, Ametzagatik eta Murgitik igarotzen den lekua eta N-102 errepidea Ariñiztik igarotzen den lekua. Era berean, kasu bakoitzean zer zuzenketa neurri ezarri behar den zehazten du, kontuan hartuz aurreikuspenen arabera nola haziko den zirkulazioa hamar urteko epean, hartara inbertsioa eraginkorra izan dadin epe luzean.
Estatuko eta autonomia erkidegoko legediarekin bat etorriz egindako zarata mapak ditu sorburu agiri estrategiko horrek. Egunean batez beste 6.000 ibilgailu baino gehiago ibiltzen diren errepideen alboan dauden Arabako 34 herrietako zarata neurtzen dute mapa horiek, eta jakinarazten dute haietatik zeinetan gainditzen den Europar Batasunak ezarritako kalitate akustikoaren muga. Hori 55 dezibelio da gauez, eta 60 dezibelio egunez,ospitale, haurtzaindegi, ikastetxe eta adinekoen egoitzak bezalako eraikinetan.