San Prudentzio 2016

"Nagusitan egin naiz arabar, borondatez"

Itsaso Estarrona 2016ko api. 19a, 12:19

San Prudentzio eta Estibalizko jaietako pregoia eskainiko du gaur 20:00etan Principal antzokian Juan Ignacio Lasagabasterrek, Santa Maria Katedrala Fundazioaren zuzendari ohiak. 

 

"San Prudentzio Arabako zaindaria baldin bada... zer zentzu dauka jai hori ospatzeak, erlijiosoegi ez den ni bezalako pertsona batentzat? Zer da arabar izatea?". Gogoeta horiek izango ditu abiapuntu Juan Ignacio Lasagabasterrek (Gasteiz, 1950), gaur eskainiko duen pregoian. 

San Prudentzioko pregoia emango duzu gaur. Nola hartu zenuen enkargua? 

Laudorio moduan hartu nuen, egindako lanaren aitortza gisa. Eta hori pozgarria da, badirudielako behin erretiroa hartzen duzunean bigarren planora pasatzen zarela. Pozaren ondoren, zorabia sentitu nuen: orain, zer? Zer esango dut? 

Zer esango duzu, bada? 

Aitortu behar dut inoiz ez naizela pregoian egon. Tira, uste dut behin pregoi batean egon nintzela, Agustin Azkaraterenean [arkeologian katedraduna], baina ez dut oroitzapen argirik. Niri, Katedralean egindako lanagatik eskaini zidaten pregoilari izateko ohorea, baina ez nuen pregoia horretan gehiegi oinarritu nahi, eta hausnarketa egin nuen: San Prudentzio Arabako zaindaria baldin bada... zer zentzu dauka jai hori ospatzeak, erlijiosoegi ez den ni bezalako pertsona batentzat? 

Eta zein da erantzuna?

Bada: niretzat batasunaren sinbolo bat da San Prudentzio. Alegia, historikoki batuta egon garen leku baten sinboloa, elkarrekin gobernatu duguna; Araba, hain zuzen. Nola bizi izan dut nik arabar izate hori? Zer da arabar izatea?  Horren inguruan arituko naiz.

Zer da zuretzat arabar izatea?

Ni gazte nintzenean, gasteiztarrok Arabaren oso ikuspegi mugatua genuen –eta agian oraindik ere badugu–. Hiritik abiatuta bizikletarekin iristen zinen toki horretaraino iristen zen Araba. Olagarro baten modukoa zen: Gasteiz erdian zegoen, eta hortik tentakulu batzuk ateratzen ziren. Olagarro horretan, bazeuden Gasteizko Vasco-Navarro trenbideak eramaten gintuen toki horiek: ikastetxearekin, esaterako, Maeztura eta Laminoriara joaten ginen egun-pasa.

Zein ikastetxetan ikasi zenuen?

Marianistasen. Bertan konturatu nintzen lehen aldiz arabarra nintzela, bazeudelako Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorritako barneko ikasle asko, internoak; haientzat gu arabarrak ginen. 

Zuentzat haiek  'vascoak' izango ziren akaso... zuen aldean, euskaldunak izango baitziren haietako asko, ezta? 

Gu etxean oso vascoak ginen ere, baina ez ziguten euskara irakatsi. Aitaren aldetik, nire aiton-amonak euskaldunak ziren, eta hala ere ez zioten semeari hizkutza transmititu. Nire emazteari gauza bera gertatu zitzaion, Durangon. Azalpen asko egongo ziren horretarako. Espainian errepresioa egon zen, eta guraso askok euskarak suposa zezakeen kargaz libratu nahi izan zituzten seme-alabak, seguraski. Gerora ikasten saiatu izan naiz... baina hizkuntzekin ikaragarri txarra naiz; ez dut aitzakiarik. Etxean, bai emaztea bai alabak primeran moldatzen dira. 

 

Arabar nola bihurtu zinen kontatzen hasi zara lehen...  

Nafarroako Unibertsitatera joan nintzenean hasi nintzen arabar kontzientzia handiagoa izaten, neure gogoz. Pentsatzen nuen: nafar hauek zer nafar diren! Bada, ni arabarra naiz. Kar kar. Pentsa: ez naiz inoiz futbolzalea izan, baina Deportivo Alaves Iruñera zetorrenean, Unibertsitateko arabar guztiak pankartekin joaten ginen animatzera. Hirugarren mailan zeuden orduan Alaves, Txantrea eta Oberena taldeak.

Ikasketak behin bukatuta, zein bide hartu zenuen?

Proto-arabarra izateari uzteko zorian egon nintzen, beste bi ikaskidek eta hirurok Donostiara lanera joateko asmoa genuelako. Zoritxarrez, ikaskideetako bat hil egin zen, eta neskalagun gasteiztarrak genituenez, Gasteizera itzuli ginen. Araba hobeto ezagutu heinean, bertako sentitzen hasi nintzen, modu kontzientean eta boluntarioan, neure gogoz. 

Arabar izateko bilakaera horretan, zerikusia izango zuen ere Arabako Ondarearen Zerbitzuko buru izatea Diputazioan...

Jakina: Diputazioko nire lanak nire herriaren alde lan egiteko aukera eman dit. Eta, egiari zor... kasualitate hutsa izan zen ni Diputazioan lan egitea. 

A bai? 

Garai hartan, 76. urtean, eraikuntzaren arloa krisian zegoen. Hiru arkitekto aritzen ginen elkarrekin: Jose Luis Caton, Juan Adrian Bueno eta hirurok. Diputaziotik deitu zioten Catoni, arkitekto bat behar zutelako. Gero beste bat behar izan zuten, eta zozketa egin genuen Adrian Buenok eta biok; galtzen zuenak Diputaziora joan behar izango zuen. Izan ere, garai hartan arkitekto batek funtzionario moduan lan egitea porrot bezala ikusten zen, zure sormen-askatasuna mugatuko zuelako-edo. Ideala beste bat zen: izpiritu libre bat izatea, eta beste inorentzat lan egin behar ez izatea. 

Zozketan zuk 'galdu' zenuen?

Aurpegia eta gurutzea egin genuen txanpon batekin. Nik galdu, eta Diputaziora joan nintzen. 

Zer irabazi zenuen bertan?

Hasieran obra berri txikiak egin nituen, eta gero zaharberritze lanekin hasi nintzen. Ondarearen kontserbazioak guztiz engantxatu ninduen. Zerbait salbatzea lortzea... berezia da. Lan horri esker lurralde osoa ondo ezagutzeko eta maitatzeko aukera izan dut; horrela egin naiz arabar, oso nagusitan.  

Zein da lurraldeko zure ondarerik kuttunena?

Izugarri gustatzen zaizkit Ocioko eta Portillako gazteluak. Uste dut etekina atera ahal zaiela, bai gure historia hobeto ulertzeko, baita ingurugiroa hobetzeko ere. Bestalde, Aramaioko bailara maite dut. Bertan dago Lasagabaster baserria. 

Bertatik al zatozte?

Nire aita, nire aitona, nire izebak... denak sentitzen ziren gipuzkoar. Eskoriatzara joaten ginen udaran, bertakoak ginelakoan, familiaren bi baserriak han zeudelako. Hau ezustea, Daniel Lasagabaster izeneko apaiz marianista bat etorri zitzaidanean, Lasagabaster familiaren zuhaitz genealogikoa egitera... 

Zein izan zen sorpresa hori?

Zuhaitz genealogikoa liburu batean argitaratzeko, argazkiak egiten laguntzeko eskatu zidan. Hau sorpresa, Aramaiora eraman ninduenean, Azkoagako Zabola auzora. Bertan zegoen Lasagabaster baserria! Imajinatu gure harridura eta gure senide gipuzkoarrena: patateroak ginen!

Txikitan nola ospatzen zenuen San Prudentzio?

Nire oroitzapenik bereziena erretreta da: nire aitonarekin joaten nintzen, Udaletxeko erretretara lehenengo, eta Diputaziokora gero. Soinu horrek oraindik emozionatzen nau. Balkoian ere bizi izan dut erretreta, baina dudarik gabe plazatik ikustea nahiago dut. Bestalde, Armentiako zelaietara igotzen nintzen familiarekin. Gasteizko jaiekin alderatuta, San Prudentzio niretzat jai etxekoago bat da, familiartekoa, barnekoagoa-edo.  

Barraskiloak ala perretxikoak nahiago?

Perretxikoak, prezioak jaisten dituztenean jaten ditut, ez San Prudentzion, kar kar. Eta barraskiloak... gorroto ditut! Saltsa probatzeko ahalegina egin izan dut noizbait, baina... ez, ez dago modurik.

Estibalizera joaten zineten txikitan ere? Ezkutuagoan dagoen jai bat da...

Nire aitak estimuan zuen, bertan ezkondu zirelako bera eta nire ama.. Estibaliz egunean, paseo bat ematen genuen, eliza azpiko tabernan zerbait hartu, eta etxera. Ez dut inoiz ospakizun sentsazioa izan, baina estimuan dudan lekua da. Ama Birginaren egunean bakarrik ez: udan igande askotan joaten ginen egun-pasa. 

Aurten nola ospatuko dituzu jaiak?

Oso bereziak izango dira. Gehien kezkatzen nauena pregoian jantziko dudan arropa da! [algarak]. Broma dirudi... baina serio diot. Aldiro aldatzen dut neurriz, eta orain handitze fasean nago...

San Prudentziok zainduko ote zaitu... zaindaria egunero ikusten duzu zuk, ezta?

Bai, etxeko leihotik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide