Arabarrak gaur hasiko dira errenta aitorpena egiten

Erredakzioa 2016ko api. 18a, 14:20

Ekainaren 16ra bitartean, Rentaraba modalitatea martxan izango da eta arabarrek aitorpena egiteko aukera izango dute Ogasunak Gasteizen, Laudion eta Guardian dituen bulegoetan.

Gaur goizean abiatu da errenta aitorpena egiteko Rentaraba modalitatea, ekainaren 16ra arte Arabako zergadunei aukera emango diena aitorpena Ogasunak Gasteizen, Laudion eta Guardian dituen bulegoetan egiteko.

 Horrela, gaurtik aurrera, zergadun guztiek errenta aitorpena Aldundiaren bulegoetan egiteko aukera izango dute, jarduera ekonomikoak egiten dituztenak, etxebizitza eskualdatu dutenak eta 2015ean balore higigarriak edo higiezinak saltzeko hiru eragiketa baino gehiago egin dituztenak salbu.

 Batez beste 876 hitzordu hartuko ditu egunean Aldundiak, gehienak (764) Gasteizko Samaniego kalean. Horretarako, Arabako Foru Aldundiak lan poltsa bat deitu zuen, eta 46  langilek indartu dute urte osoan zehar Ogasunak duen 22  laguneko taldea. Guztira, 68 pertsona, Arabako zergadunek aurkeztuko dituzten aitorpenen % 71 baino gehiago egiten jardungo dutenak.

Aurretiazko hitzordua

 Apirilaren 7tik ekainaren 7ra bitartean, Arabako zergadunek aurretiazko hitzordua eska dezakete, telefonoz  (901 504030), Internet bidez (www.araba.eus) edo Ogasunaren informazio puntuetan (Gasteiz, Kanpezu, Murgia edo Agurain).  Kanpaina honetan, Arabako Foru Aldundiak itzulketa guztiak 48 orduan egiteko konpromisoa hartu du.  

 Jendea artatzeko ordutegia 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da bai Gasteizko Samaniego kalean bai Laudio eta Guardiako egoitzetan (asteartetan eta ostegunetan).

 

Bestalde, aitorpena finantza erakunde laguntzaileetan (Kutxabank, Nafarroako Rural Kutxa, Banco Popular, Santander, BBVA, CaixaBank, Targo Bank edo Credit Agricole) edo aholkularitzetan egitea hautatzen dutenek apirilaren 25etik ekainaren 27ra arte izango dute horretarako aukera.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide