Arabar batek lortu zuen Espainiako lehenengo domina olinpikoa, 1900an

Itsaso Estarrona 2016ko api. 4a, 16:45

Izarran jaiotako pilotari bat izan zen Espainiako lehen urrezko dominaduna Joko Olinpikoetan, 1900. urtean: Jose de Amezola y Aspizua. Ez zuen inoiz jakin izan, Olinpiar Batzordeak ez baitzion domina aitortu 2004ra arte. 

Ez zuen partida jokatu ere egin, baina, berak inoiz jakin izan ez bazuen ere, Espainiak Joko Olinpiko batzuetan lortutako lehenengo domina irabazi zuen, Francisco Villota madrildarrarekin batera: Jose de Amezola y Aspizua izan zen estatuko lehengo dominaduna 1900an Parisen, baita joko batzuetan parte hartu zuen lehen euskalduna ere. 

Izarran jaio zen Jose de Amezola 1874an. Ama arabarra zuen, Baranbiokoa, eta aita Bizkaiko gizarteko jaun entzutetsua zen, trenbide eta meategiaren industria nabarmena. Berak ere bide oparoa egin zuen kiroletik harago: zezen- eta antzerki-enpresari ospetsua izan zen Bizkaian, baita Bilbao banketxeko batzordekide ere. Era berean, politikan ibilbidea egin zuen: Espainiako Kongresuan diputatu kontserbadore aritu zen, eta, bere ibilbide politikoan monarkiari eman zion babesagatik aitoren seme izendatu zuten. 

Pilota, behin bakarrik ofizial

Olinpiar Jokoetara 1900an joan zen zesta-puntan jokatzera, Francisco Villotarekin batera. Hain zuzen, Parisko joko haiek izan ziren pilota ofizial izan den aldi bakarra. Geroztik, hiru aldiz baino ez da kirolaren Olinpoan egon, erakustaldi-kirol moduan, Paris 1924an, Mexikon 1968an eta Bartzelona 19992an. 

Parisera zesta-punta hartuta bi bikote joan ziren: Ipar Euskal Herriko bi jokalari eta Amezola-Villota lagunak. Antolakuntzarekin eta txapelketan jarritako arauekin ados jarri ez, eta jokatu gabe lehiaketa uztea erabaki zuten Iparraldekoek.  Ondorioz, irabazle izendatu zituzten Amezola eta Villota, baina loriarik gabe itzuli ziren etxera. Ehun urte baino gehiago pasako ziren saria jaso arte. 

1998an, Bill Mallon izeneko historialari batek Parisko Jokoen berrikuste kritikoa egin zuen Batzorde Olinpikoak eskatuta, eta pilotariei medaila zegokiela ondorioztatu zuen. Hala onartu zuen ofizialki Batzorde Olinpikoak  2004an. Euren ohorea jokoen liburuan agertzera mugatu zen, duela sei urte Fernando Arrechea kirol-historialariak (Tarragona, 1972) euren identitatea eta istorioa ezagutzera eman zuen arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide