Hurrengo pelikularen zain

Oier Bravo 2016ko api. 1a, 16:04
Irabaztekotan, Laboral Kutxak Top 8-rako kantxa faktorea irabazita izango du. /Baskonia

Top 8-rako sailkapena lortzea izan den thrillerra bukatuta, kantxa faktorea lortzeko azken pausua eman nahi du gaur Baskoniak Real Madrilen aurka pelikularen kredituetan.

Atzo Khimkiren kantxan izan ziren begirada guztiak Buesa Arenara itzuliko dira 20:30ean, Baskonia eta Real Madrilen arteko partida garrantzitsua ikusteko. Dusko Ivanovicen Khimkik Olympiacos garaitu eta gero, Baskonia matematikoki sailkatuta gelditu zen bart. Hau dela eta, Baskoniak ez ditu hamahirugarren jardunaldi honetako 40 minutuak behar izan.

Baina gure film berezi honetan kredituek ere berebiziko garrantzia dute: Real Madrilekin egon daitezkeen eta dauden ohiko tira-birez gain, hurrengo faserako kantxa faktorea jokoan egongo da gaurkoan Zurbanoko zinema baskonistan. Irabaztekotan, Laboral Kutxak Top 8-rako kantxa faktorea ziurtatuta izango du, baita galdu baina Pablo Lasorenekin 9 puntuko basket averagea mantentzen badu ere.

Velimir Perasovicek ezin izango du Fabien Causeur kapitaina aintzat hartu, ez baitu oraindik bere bizkarreko mina gainditu. Hau dela eta, Mike Jamesek, Jaka Blazicek eta Alberto Corbachok minutuak irabaziko dituzte prestatzaile kroaziarraren errotazioan. James antolatzaile iparamerikarraren papera ezinbestekoa izango da ia denboraldi osoan lehen antolatzailea izan den Adamsen azken partidu eskasak ikusita, bai estatistika aldetik eta bai jokoaren antolaketaren aldetik.

Bestalde, Herbalife Gran Canariaren aurkako partidan Darko Planinicek burututako lan itzelak eta azken norgehiagoketan Ilimane Diopek jokatu ez izanak, minutuen banaketaren inguruan beste galdera bat sortzen du: Planinic-ek berriro ere Giannis Bourousis eta Kim Tillierekin batera jokatuko duen, “lauko” postuan Davis Bertansen ezinbesteko laguntza izanik, edo Ilimane Diop berriro ere errotazioan sartuko den laugarren pibot moduan bosniarrarekin batera. Horrela, Davis Bertans letoniarra bere posizio naturala den “hiruko” postura bueltatuko litzateke, eta lehen aipatutako Fabien Causeurren falta gehiago estaliko luke, hegaleko beste jokalarien minutu karga gutxiagotuz.

Hegaleko hiru posizioen banaketa hau izango da, dudarik gabe, partiduko klabe nagusia, Real Madrilek azken partiduetan izan duen bertuterik nagusia hirukoen jaurtiketak izan baitira. Ayón eta Felipe Reyesen aurrean errebotea mendean hartzeaz gain, Llullek, Sergio Rodriguezek, Rudyk eta Carrollek 6,75ko marratik haratago osatzen duten mehatxua gelditzeko gai bada Baskonia, partidu erdia edo gehiago irabazita egongo da, beti ere antolatzaileek ondo zuzendutako erasoetan asmatzen bada.

Hau guztia lortzekotan, aurtengo partidu gehienetan gertatu den bezala, Buesa Arenara gerturatzen diren guztiek emango dute hurrengo pelikula han hasteko behar den azken bultzada. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide