"Filtrorik gabe egin dut diskoa, ez bainuen uste norbaitek entzunen zuenik"

Eñaut Iraeta 2016ko api. 4a, 10:14

Ekiza musikaria apirilaren 5ean Gasteizko Parral tabernara hurbilduko da GEU elkartearen eskutik.

Willis Drummond taldea 2014ko urte ondarrean etenaldi luze batean sartu zen. Jurgi Ekiza (Baiona, 1980) taldeko abeslari eta gitar joleak etenaldi hori baliatu du bere bakarkako lehen diskoa argitaratzeko, BH036-DG, hamar abestiz osaturik, Bidehuts zigiluaren bitartez kaleratu du.

Martxoan hasi da zuzeneko lehen aurkezpenak egiten eta apirilaren 5ean Gasteizko Parral tabernara hurbilduko da GEU elkartearen eskutik.

Willis Drummond taldearekin hamar urteko ibilbidearen ondoren atsedenaldi luze bat hartzea erabaki zenuten; eta atseden hartu ordez, zuk etxera sartu eta abestiak konposatzeari ekin zenion.

Hori da… ez nuen aurretik hori uste batere. Egia erran, pausa hastean, dudak handiak nituen musikan jarraitzeko. Eta zinez biziki akitua nintzen. Baina ohartu gabe, etxera sartu eta berehala hasi nintzen kitarra hartzen, idei zahar batzuk maketatzen, etab… eta horrela hasi zen proiektua. Aspalditik pentsatu nuen disko bat bakarrik egitea egun batez. Bainan ez nuen batere uste hor pasatuko zela.

Batez ere hitzetan nabarmentzen da oso disko pertsonala dela. Barnean zenituen korapiloak askatzeko tresna bat izan da? Ez da erraza izango hain biluzik erakusten zaituen lana argitaratzeko erabakia hartzea.

Argitaratzeko erabakia bukaeran etorri zen presiski. Kantak eginak zirenean osoz. Eta horrek dit, seguraski, posibilidadea eman holako diska personala ateratzeko. Enetako egiten nituen kantak. Zinez gauzak kanporatzeko, eta pentsatu gabe zer pentsatuko zuen jendeak… ez bainuen uste egun batez norbaitek hori entzunen zuenik… Beraz filtrorik gabe egin dut diska. Hala ere, maketak amaituta, argitaratzeko diska bat egiteko erabakia hartzea izigarri zaila izan zen… Eta kaleratze aintzineko azken egunetan benetako beldurra sentitu nuen, iduritzen baizitzaidan ez nuela sekulan ene alde hori erakutsi… Baina uste dut disproporzionatua zela neukan beldurra… Gaur egun ohartzen naiz orokorrean, jendea ez dagoela hemen epaitzeko, baizik eta disfrutatzeko, gustukoa baldin badu zerbait. Ez bazaio mintzatzen ala gustatzen, ahazten du eta kitto…

Nahiz eta laguntzaile gutxi batzuk izan; hasieratik amaierara ia disko osoa zuk bakarrik egin duzu. Horrek prozesu guztia erraztu ala zaildu egin du taldearekin batera konposatzera ohitua egonik?

Prozesua erraztu du ziur… eta piskat pobretu ere seguraski. Baina ez zen kezka bat enetako.

Gauza da, lortu behar nuela kanta hauek kanporatzen, eta nahi nuen zinez zerbait personala izatea, nik neuk ikusteko ere zertaz kapaz nintzen… Desafio bat ene buruarekin azken finean, eta manera bat nik neuk nere burua piskat hobe ezagutzeko ere, baita asumitzeko.

Ekidin ezina da zenbait abestitan Willis Drummonden oihartzuna aurkitzea baina nabarmena da ahotsa landu duzula bereziki, zer azpimarratuko zenuke diskoaren soinuari dagokionez?

Ni, nahiz eta biziki pobre eta nahasia izan, gustora nintzen maketako soinuarekin. Beti konsideratu dut grabaketa bat istante baten isla dela, eta beraz, etxean bakarrik egindako maketek beti dute berezitasun hori: gauzak grabatuak izan dira sortu diren momentu berean, eta beraz, haien jatorrizko intenzioa dute. Baina hala ere, kalitatezko zerbait nahi nuen diskarentzat eta kezka izan da benetako produkzio bat bilatzea, hastapeneko alde gordin eta intimo hori galdu gabe. Hortako nahi nuen diska hori Txapekin egin… Eta hortako ere, erabaki nuen diskaren ahotsak nik neuk grabatzea, bakarrik, Luzaideko etxe bateko egon gelan eta ez estudioan. Aukera izan da berriz aurkitzeko hastapeneko intenzio hauek…

Eta gero, ene iduriko, diskak ainitz irabazi zuen nahasketan, Alain Bruneten lan bikainari esker… Aspaldiko laguna da eta ez nuen sekulan benetan berarekin lan egin. Prozesu horren sorpresa ederra izan da.

Eta behin azken emaitza esku artean duzula zer nolako sentsazioa izan duzu? Zein izan da jendearen aldetik harrera?

Nik ez nekien gehio ze pentsatu… baina banuen sensazio goxo hori bururaino eraman nuela gauza. Erran nahi dut, beti moldatzen ahal dira gauza batzu… baina banekien ezin nuela hori baino askoz hobe egin… Eta behingotz, diska, eta batez ere biniloa, lehen aldikotz entzun nuenean, gustora egon naiz, deusetaz damutu gabe… Jendearen harreraz ez naiz sobera fidatzen, entzuten dituzunak, beti ohar onak direlako… sinpleki, hauek bakarrik etortzen baitira zuregana errateko. Maitatu ez dutenak orokorrean, ez dituzu entzuten… Beraz, ez diot kaxu handirik ematen, edo ez dut ainitz sinisten bederen, oharretan. Nahiz eta, bistan da, beti goxo den hitz politak entzutea ala irakurtzea… baina ezin da hori hartu “jendearen harrera” bezala. Hitz baikorrak hartzen dira plazerekin, nahiz eta ez benetan sinestu, eta hitz ezkorrak, entzuten direnean, ahazten dira ahal bezain laster…

Orain, diskoa zuzenean aurkezteko bira hasiko duzu, martxoa eta apirila bitartean bira bat egingo duzu, baina hasieratik argi zenuen bakarkako lan honekin kontzertuak emango zenituela? Zerk bultzatu zaitu erabaki hori hartzera eta nola planteatuko duzu zuzeneko emanaldia?

Prozesu hortan ez dut deus argi izan hastapenetik… Anti-estrategikoa bada ere, nahi nituen gauzak banaka egin… Kantak sortu nituen lehenik, eta maketatu… gero erabaki nuen diska grabatzea. Eta diska kaleratu zenean ere, ez nekien joko nuenetz. Duda gehiegi zegoen ene  baitan… eta berriz ere akidura bat… Promorako landu nituen bertsione akustiko batzu, eta looper bat erosi nuen etxean piskat jolasteko… eta hortik erabaki nuen hastea jotzen bakarrik. Ideia da diskaren alde gordinari lehentasuna ematea, alde rockari baino, nahiz eta diska hori, enetako, rock diska bat den.

Beraz, kantak moldatzen ditut formatuari egokitzeko… eta beste gauza batzu gehitzen ditut ere. Azken finean formatu akustikotik biziki hurbil da, baina ez da hori bakarrik…

Eta gainera, aukera emanen dit jendearekin parez pare egoteko, leku ttikitan, diska horrekin ene buruarekin arreglatzen dituztan gauzak bururaino eramateko… Saiatuko naiz jendeen begietan irakurtzen nor naizen ni. Eta hortarako, bakarrik egon behar naiz jende aurrean.

Gasteizko kontzertura etorriz, apirilaren 5ean Parral tabernan izango zara. 2007an bertan eman zenuten lehen kontzertua Gasteizen Willis Drummond taldearekin eta harrezkero hiriko txoko ezberdinetan hamaika aldiz izan zarete. Bakarkako lehen kontzertu honetan ze espero duzu zuk eta zer aurkituko dute bertara hurbiltzen direnek?

Saiatzen naiz deus esperatzea, gero prezione gehiegi ipintzen baitiot ene buruari. Ziur naiz momentu ona izanen dela, eta zinez, izigarri kontent naiz Parral-era bueltatzea. Diozun bezala, areto hori leku berezia izan da ene ibilibidean, eta importantea da hola segitzea.

Badirudi bidea egiten zoazen neurrian hartzen dituzula proiektu honekiko erabakiak, aurretik guztiz planifikatu gabe, apiriletik aurrera zer? Jarraipena izango du Ekizak?

Egun hauetan ari naiz iragartzen datak… Itxoiten nuen lehen datak pasatzea ikusteko nola sentitzen naizen horrekin, bainan orain aitortzen ahal dut saiatuko naizela ahal bezain bat jotzen ekaina arte. Data ainitz konfirmatu ditut jadanik, eta beste ainitz gehituko direla espero dut… Jendearegana joateko gogoa dut, eta bidea hartzeko ere bai.

Horrez gain, argitaratuko dut EP labur bat, CD moduan, berriki grabatutako amanaita live sessions  soinuarekin adibidez… eta beste idei ainitz ditut buruan, beti bezala… gehiegi agian, zaila baitzait denak martxan ezartzea… Talde bat montatzea diska den bezala zuzenean jotzeko badut ere buruan… baina ez dut oraindik atzeman norekin egin. Hobeto sentitu behar naiz nere buruarekin lehen fase batean, ondo pasatzeko gero, beste talde kide batzurekin.

Zura taldearekin ere ari zara zuzenean, Willis Drummond berriz ere entseguetan ari zarete, proiektuak ez zaizkizu falta, etorkizunerako ezer aurreratzerik bai?

Erabaki dut, eta dugu WD aiatzeko, piskat ateratzea ultra-komunikazio metodo hauetatik eta beraz orain, iragartzen ditugu gauzak sinpleki zerbait baldin badugu errateko…

Gaurko aktualitatea da hasten naizela diska hori zuzenean aurkezten. Horrez gain, Zurarekin azken konzertuak emanen ditugu apirilan, hor ere pausa bat markatu aintzin. Ez dakit ono taldearen etorkizunaren parte izanen naizen. Goizegi da errateko. Eta Willis Drummond-ekin hasi gira ensaiatzen, kanta berriak egiteko asmoarekin… Baina nahi diogu lehentasuna eman musikari, beraz gaurko kezka da kanta onak egitea, besterik ez. Komunikazioa etorriko da bere garaian…

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide