Aste Santuan Artium miatzeko aukera izango dute bisitariek

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko mar. 22a, 13:02

Jarduera-programa berezia prestatu du museo-zentroak Aste Santurako. Besteak beste, museoaren arkitekturak eta historiak dituzten sekretu guztiak ezagutuko dituzte parte-hartzaileek.

Artiumek jarduera-programa berezia prestatu du Aste Santu honetarako eta honi esker, esploratzaile gisara ibili ahal izango dira bisitariak museoan eta erakusketa-aretoetan barrena.

Hona bost jaiegun horietan Artiumera etorriko diren bisitariek aurkituko dituzten ustekabe atsegin batzuk: Bisita gidatuetan parte hartuta, museoaren arkitekturak eta historiak dituzten sekretu guztiak ezagutuko dituzte; miaketa koadernoak zenbait enigma argitzeko bidea emango die Irribarrearen segada erakusketako artelanekin lotuta; familiei gune berezi bat eta lantegi irekiak eskainiko zaizkie… Parte-hartzaileei oroigarri bat emango zaie opari, eta pintxo berezi bat dastatu ahal izango dute Cube jatetxean. Jarduera horiek ostegunetik, martxoak 24, astelehenera, hilak 28, garatuko dira, 11:00etatik 20:00etara etengabe. 


Museoaren historia eta arkitektura ezagutu

Museoa miatu eta bisitaren esperientzia partekatzeko aukeraz gainera, Aste Santu honetan Artiumen historia eta haren arkitekturaren ezaugarri bereziak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, gida baten eskutik: beti ikusgai dauden artelanak aztertuko dira, besteak beste Javier Pérez-en Zeru-zati kristaldua, Richard Serra-ren Finkl Octagon eta Joan Miró-ren Mural cerámico; eta, azkenik, erakusketak bisitatuko dira, besteren artean, PIGS eta Irribarrearen segada. Bisita horiek, Artium osorik izenekoak, egunero egingo dira, 12:30ean eta 18:30ean.

Familiarekin datozenak ahalik eta erosoen egon daitezen ahalegin berezia egin du Artiumek, eta, horretarako, gune bat antolatu da Plaza aretoan, hainbeste jardueraren ondoren atseden har dezaten. Familientzako txoko horretan, haurrek lantegi ireki batean parte hartu ahal izango dute egun osoan, eta, bertan, sormena askatzeko behar dituzten material guztiak izango dituzte eskura.

Informazio gehiago: Aste Santu honetan goazen Artium miatzera - EGITARAUA

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide