"Ikusleak sorpresa bat aurkitzea da helburua"

Itsaso Estarrona 2016ko mar. 17a, 18:01

Argazki edo bideo formatuan, euren "sekretuak" kontatu dituzte Gasteizko Arte eta Lanbide eskolako ikasleek, 'Konfidentziak' erakusketan. Koldo Mendaza irakasleak erakusketaren nondik-norakoak kontatu dizkigu.

 

"Hurbildu zaitez: sekretu bat xuxurlatu nahi dizut belarrira". Mezu horrekin ireki zuten pasa den asteburuan Gasteizko Arte eta Lanbide eskolako Konfidentziak erakusketa berria. Ikuslearekin intimitate giroa sortzea helburu, 50 ikaslek erakutsi dituzte argazki edo bideo formako euren "sekretuak"; guztira, 48 argazki eta lau bideo daude ikusgai. 

Kutxetan gordeta

Sormen lan horiek egurrezko kutxatxoetan sartu dituzte, eskolara gerturatzen direnei "konfidentziak oparitzeko" asmoz. Zehazki, argazkilaritza ikastaroetako bigarren eta hirugarren mailako ikasleek hartu dute parte, baita bideogintzako bigarren mailakoek ere, Juan Arrosagaray, Piko Zulueta eta Koldo Mendaza irakasle eta sortzaileek gidatuta. Mendazak alea fm irratsaioan azaldu duenez, "helburua ikusleak sorpresa bat aurkitzea da". "Egilearen sekretua deskubritu eta bere intimitatean sartzeko, egurrezko kutxa zabaldu behar duzu", dio. Argazkiak bakarrik ez: bideo erreproduktoreak eta monitoreak ere kutxa handi batzuetan sartu dituzte. Emaitzarekin pozik daude antolatzaileak, Mendazak nabarmendu duenez: "Proposamen bitxiak eta interesgarriak daude ikusgai".

Apirilaren 27a arte egongo da ikusgai Peñaflorida Kondea plazako eraikinean.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide