Menhirrak, Arabako harrizko lekukoak

Estitxu Ugarte 2016ko mar. 22a, 06:00
Ribotako menhirra, Tobillas eta Boveda artean

Orain arte Arabako menhirrek ez dute jaso merezi duten arreta baina aurkeztu berri den ikerketa batek berreskuratu du Neolitoko harrien memoria.

 

Arabako menhir ohikoak hiru metroko altuera du, bi kilo inguruko pisua, eta larre ia erabat lau batean kokatuta dago, 1.042 metroko altitudean. Dagoen tokitik oso bista ona dago, baina ez dago mendi-puntan. Menhirraren harriak ingurukoak bezalakoak edo oso antzekoak dira, eta 629 metroko distantziatik garraiatu dute. Ez du ezer grabatuta, eta lanketa markak ez dira oso agerikoak.

Arabako menhirra herrialdeko hiru aldetan aurki daiteke. Iparraldean, Gorbeiako mendigunean, eta Elgeako, Urkillako edo Altzaniako mendilerroetan; lautadaren hegoaldean, Entziako eta Iturrietako mendietatik Gasteizko mendietaraino; edo mendebaldeko bazterretan, Valderejon, esate baterako.

Datuok Arabako menhirren alderdi geotikoak liburuan jaso ditu Luis Miguel Martinez Torres geologoak, eta Arabako Foru Aldundiak argitaratu du Arabako Aztarnategien Memoriak sailaren barruan. Gainera, martxotik ekainera bitartean Gasteizko Bibat museoan erakusketa zabaldu dute Harri bakartiak. Arabako menhirrak goiburuarekin.

Martinez Torres EHUko Geodinamika saileko irakasle titularra da. Arabako garai guztietako monumentuen alderdi geotikoak deskribatu ditu, Neolitoko megalitoekin hasi eta gaur egungoekin amaitu arte. Herrialdeko menhirren inguruko liburuan jaso duenez, monumentu hauek garrantzi handia baldin badute ere, ez dute merezi duten arreta jaso. "Esate baterako, Narbaxako Mugarriaundiko menhirra 5,4 metroko altuera du, eta Espainiako Estatuko bigarren menhir altuena da eta Iberiar Penintsulako handienetakoa". Irakasleak adierazi duenez, Arabako menhir ezezagunak Iberiar Penintsulako "megalitismoaren lekuko garrantzitsuenetakoak" dira.

Arabako monumentuen behar bezalako zerrenda egiteko lehen urratsa menhirrak eta monolitoak ezberdintzea izan da. Martinez Torresek liburuan jaso duenez, bereizketa egiteko orain arte bakarrik harriaren forma kontuan hartu da, eta ez dira aintzat hartu ez monolitoaren ezta inguruko harrien egituraren ezaugarriak ere. Irakasleak, berriz, historiaurreko menhirrak monolitoetatik bereizteko erabili duen irizpide nagusia "aloktonia" izan da, alegia harritzarra beste leku batetik garraiatu bada menhirtzat jotzen da, nahiz eta hobirik ez egon. "Garraiatu ez bada eta harria tokikoa bada, hobia dagoen edo ez kontuan hartzen da. Izan ere, hobia baldin badago oso litekeena da menhirra izatea".

Irakurri erreportajea osorik aldizkariaren 54. alean. Harpidetzeko, sakatu hemen.  

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide