Sugoi Uriarte judoka gasteiztarra Rioko Olinpiar Jokoetan izango da, aurreko asteburuan Buenos Aireseko Irekian urrezko domina lortu ondoren, hain zuzen ere, 66 kiloko kategorian. Modu honetan, orain lau urte Londreseko Olinpiar Jokoetan ihes egin zion urrezko domina irabazteko aukera izango du kirolari arabarrak.
Momentuz, bi dira udan Rio de Janeiron ospatuko diren jokoetara joango diren kirolari arabarrak; Sugoi Uriarte judoka eta orain aste batzuk plaza lortu zuen Tania Calvo txirrindularia. Baina Maider Unda borrokalariak, Eli Pinedo eskubaloi jokalariak edo Ivan Fernandez korrikalariak ere bertan izateko aukerak dituzte eta datozen asteetan Olinpiar Jokoetara joateko txartela eskuratzeko lehiatuko dira.