Arabako enpresek ez dute ikusten krisia gogortzeko arriskurik

Berria-Ivan Santamaria 2016ko mar. 9a, 13:49
Arabako enpresariek egindako agerraldian azken barometroa aurkeztu dute gaur. Irudia: SEA
Datozen hilabeteotan merkatuak hobera egingo duela uste dute gehienek, aurreko hilabeteotan geldialdi bat nabaritu ondoren.

Txinaren geldotzea, petrolioaren merkatzea, lehengaien prezioen jaitsiera, altzairuaren krisia edo burtsen lurrikara albiste ekonomiko kezkagarriak izan dira urte hasiera honetan, baina ez dute Arabako enpresen baikortasuna ezabatu. Herrialdeko patronalak, SEAk, enpresen barometroa aurkeztu du gaur, eta datozen hilabeteetan egoerak okerrera egingo duen susmorik ez du jasotzen inkestak.

Arabako 300 enpresa inguruk emandako erantzunekin osatu dute barometroa. Gaur aurkeztu den alearen erantzunak joan den urtarrilean jaso zituzten. Une horretan herrialdeko enpresen %57k uste zuten merkatua geldialdian edo atzeraldian zegoela. Aldiz, erantzun dutenen %55ek espero dute susperraldia indartuko dela datozen hilabeteetan.

"Araba hazten ari da, baina oso motel", azpimarratu du SEAko idazkari nagusiak, Juan Ugartek, barometroaren aurkezpenean. Datuetan islatutako baikortasun horri nabardura egin dio, gainera. "Krisiak gehien zigortu duen herrialdea gara, eta kezkatzen gaitu irteera motel honek".

Sektorez sektore hobekuntza ia orokorra da. Metalgintza enpresen %56k uste dute merkatuak gora egingo duela, gaur egun susperraldia ikusten dutenak baino hamar puntu gehiago. Zerbitzuetan eta kimikoetan antzeko irudia dago. Salbuespena eraikuntza eta hari lotutako jarduerak dira, zurgintza bezala. Merkatuan atzeraldi handia espero dute eraikuntzako enpresen erdiak heldu den hilabeteetarako.

Gehiago saldu dute enpresa gehienek, halaber. Espainiako merkatuan salmentak handitu dituzten enpresak %47 dira, aurreko urtean baino 12 puntu gehiago. Esportatzaileen egoera are hobeagoa da: %54k gehiago saldu dute, hamalau puntuko hobekuntza.

Herrialdeko enpresek enpleguarekin eta inbertsioarekin duten "konpromisoa" nabarmendu du Ugartek. Inkestari erantzun diotenen %6k baino ez dute aurreikusi lanpostuak gutxitzea, eta hamarretik bederatzik diote inbertsio mailari eusteko edo igotzeko moduan egongo direla.

 

Egilea: Ivan Santamaria, Berria.

Oharra: Albiste hau Berriatik ekarria da Creative Commons lizentzia libreei esker.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide