Izki eta Guardiako urmaelak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu dituzte

Erredakzioa 2016ko mar. 1a, 13:20
Guardikoa urmaelak. Irudia: Basquetour

Caicedo-Yusoko lakua, Valderejo/Sobron/Artzena mendilerroa, Gorbeia eta Aralar ere KBE izendatzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak.

Arabako Mendialdean dagoen Izki espazioa eta Guardiako urmaelak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak, Natura 2000 Sarearen barruan. Izkiko eremua, gainera, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (BBE) ere izango da.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritza lanean ari da Caicedo-Yusoko lakua, Valderejo/Sobrón/Artzena mendilerroa, Gorbeia, Aizkorri-Aratz eta Aralar Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko. Leku horien guztien izendapena datorren udan amaitzea aurreikusten du.

Izkiko espazioa

Izkiko gunea baso-masa zabal bat da, hareazko lautada batean kokatua. Izki ibaiaren adarrek eratutako sakan txikiek zeharkatzen dute lautada, ibaiak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen baitu gunea. Askotariko landare-formazioak eratzen dira bertan, horien artean, aipatzekoa da ameztia, Europako zabalenetakoa baita.  Era berean, Izkin, Batasunaren intereseko 30 habitat mota daude: horietatik 10, lehentasunekoak habitatak dira. Habitat horietan, intereseko flora- eta fauna-espezie asko bizi dira, besteak beste, espezie mehatxatuen EAEko katalogoan jasota dauden hiru anfibio: baso-igel jauzkaria, apo lasterkaria eta iberiar apo pintatua.

 

 

Guardiako urmaelak

Guardiako urmaelak Arabako Errioxako herri horren inguruko lau hezegune dira. Horietako hiru hezegune Carralogroño, Carravalseca eta Musco aldi baterako urmaelak dira, jatorri eta funtzionamendu naturalekoak. Laugarrena, berriz, Prao de la Paúl izenekoa, antzina istildutako gune baten gainean sortutako urtegi txiki bat. Carralogroño eta Carravalsecako urmaelak arian-arian desagertutako hezeguneak dira, laborantzarako lehortu baitziren; gaur egun, halako gutxi gelditzen dira. Halakoxea litzateke Muscoko urmaelaren kasua: drainatu, lehortu eta landatu egin zuten, beste hiru hezeguneak biotopo babestu izendatu zituzten arte. Geroztik, Musco lehengoratzeari ekin zioten.

1995ean, Biotopo Babestu izendatu zituzten Carralogroño, Carravalseca eta Prao de la Paúleko urmaelak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide