"Sasizientzien aurrean, zientzia aldarrikatu behar dugu"

Itsaso Estarrona 2016ko ots. 26a, 10:28
Javier Armentia, Iruñeko planetarioan. Argazkia: Daniel Burgui Iguzkiza.

Astronomiaren azken aurkikuntzak eraman du ALEA Javier Armentiarengana (Gasteiz, 1962). Grabitate uhinen antzera, bibrazioak eragin ditu solasaldiaren espazio-denboran, zientzia eta sasizientziak hizpide.

 

Begiek zerura ihes egiten zioten Javier Armentiari  Gasteizko scout talde bateko haur mukitsua zenean. Telebistan ere izarrak ikusten zituen, Carl Sagan astronomo estatubatuarraren Cosmos seriean. San Prudentzio eta San Viator ikastetxeetan ikasi ondoren, beka bat eman zion Gasteizko Fernando de Amarica margolariaren fundazioak, eta horri esker ordaindu zituen Leioako campusera bidaiak. Euskal Herriko Unibertsitatetik Madrilgo Complutensera egin zuen salto ondoren, astrofisika-ikertzaile eta irakasle lanetan aritzeko (1984-1990). Iruñean bota zuen azkenik aingura, eta bertako planetarioa zuzentzen du duela hogeita sei urte. Superman gaizkileentzat bezala, pseudozientzientzat izu-ikara da Javier Armentia: sasi-teoriak desarmatzen ibiltzen da gau eta egun hainbat komunikabidetan; Araban, Hala Bedi irratian. 

Einstenek Erlatibitatearen teoria azaldu eta ehun urtera, grabitate uhinak existitzen direla frogatu dute. Zer aldatzen du aurkikuntza horrek?

Erlatibitatearen teoriaren zati bat dira grabitate uhinak. Zientziak teoria hori frogatu du azken mendean. Pentsa, gure mugikorraren GPS-a erabiltzen dugun bakoitzean,  erlatibitatearen teoriaren kalkulu zehatzak erabiltzen ari gara sateliteen seinaleak itzultzeko. Masak azeleratuz gero, uhin batzuk sortzen direla iragarri zuen Einsteinek: grabitate uhinak, hain zuzen. Orain arte, bagenituen horien ebidentziak, baina inork ez zituen zuzenean antzeman, pasa den otsailaren 11ko albistea jaso genuen arte. Astronomia berri bat jaio da, neurri batean: orain, beste uhin batzuk ditugu kosmosa begiratzeko…

Begiratzeko… edo entzuteko, ezta?

Bai, hala da. Materian aldaketa eta mugimendu handiak daudenean baliatzen dugu batez ere erlatibitatearen teoria: izar batek eztanda egiten duenean, bi zulo beltzek bat egiten dutenean... edo Unibertsoa zabaltzen hasi zenean, hain zuzen segundu hirumilioiren bateko adina zuenean. Garai horri buruz ezin dugu ezer jakin, ez zaigulako orduko argia iristen. Tresna eta aurkikuntza berriekin, ordea, uste dugu hemendik urte gutxira gai izango garela Unibertsoaren lehenengo grabitate uhinak neurtzeko, duela 13.800 milioi urte ingurukoak.

Eta zergatia jakin ahal izango dugu? Alegia, zergatik sortu zen Unibertsoa…

Askotan esan izan da fisika, eta zientziak orokorrean, gauzen zergatia azaltzen saiatzen direla. Aldiz, zientziak, gauzak zergatik gertatzen diren azaldu baino, nola gertatzen diren esaten digu. Zergatia, zentzua, filosofiaren esku geratzen da neurri handi batean. Besteak beste, fisikak ematen dizkigun erantzunak askotan gizakioi ez zaizkigulako gustatzen, zientziak ez dituelako erantzun osoak eta behin-betikoak ematen, guk nahi bezala. Unibertsoaren jatorriari dagokionez, hauxe da zientzialarion erantzuna: dakigunagatik,  txiripaz gaude hemen, kasualitate hutsagatik. Hemen gauden modu berean, izan zitekeen hemen ez egotea. Azalpen horrek asko haserratzen gaitu, Unibertsoaren erdigunea izatea gustatzen zaigulako, gauza guztien neurria. Erlijio eta pentsaera sistema guztien arabera, gizakiak jainkotasunaren sorkuntza zuzena gara. Kontingenteak garela esateak hautsak harrotzen ditu.

Irakurri elkarrizketa osorik aldizkariaren 51. alean. Harpidetzeko, sakatu hemen.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide