Hotz handia eta elur-kota 300 metrotan astearte honetan

Erredakzioa 2016ko ots. 16a, 09:51

Herrerako mendatea itxita dago momentu honetan. Elur-maila 300 metrotan mantenduko da egun osoan, baina prezipitazio gutxiago izango da.

Gaur gauean elurra bota eta Arabako herri asko zurituta esnatu dira. Momentu honetan, Herrerako mendateak itxita dago. La Tejeran kateak beharrezkoak dira eta arretaz gidatu behar da Arabako Errepide Sareko errepide gehienetan,besteak beste, Opakuan, Altuben, Legution, Azazetan edo A-1 errepidean (Madrid-Irun).

Bi ibilgailuk ezbeharra izan dute Gasteizen (Arkaiako irteera) eta bi pertsona zauritu dira, SOS Deiakek jakitera eman duenez. Zaurituak ospitalera eraman behar izan dituzte.

Gaurko iragarpenek diotenez, hotz handia nagusituko da eta Gasteizen, esaterako, tenperatura altuena 5ºC-koa izango da. Elur-maila 300 metrotan kokatuko da, hala ere, gaurko prezipitazio gutxiago izango da.

Errepideetarako neguko plana martxan du Arabako Aldundiak. Hala, elurra kentzeko 13 makina, 39 behargin eta Miñoien bi patruila lanean ari dira lurraldeko errepide sarea garbi mantentzeko.

 

 

 

 Gaur eta bihar, hotza nagusi

 Euskalmeten iragarpenaren arabera, astearte honetan hotz handia egingo du eta elurra maila nahikoa baxuetan. Prezipitazioa astelehenean baino urriagoa izango da. Elur maila 300 metro inguruan egongo da. Haizea egun amaieran baretu egingo da, baina egunez bizi ibiliko da. Tenperatura maximoak 3 eta 7 gradu artekoak izango dira. Barnealdeko hainbat lekutan izotza egingo du. Gasteizen -1 gradu espero da gutxienez eta 5 gehienez.

Bihar, berriz, egun eguzkitsua espero dugu, baina hotza. Izotza botako du barnealdean. Arabako zenbait lekutan, berriz, baliteke termometroa -5 ºC baino beherago jaistea. Arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira, izan ere fronte bat hurbilduko da, eta egun amaieran zerua estalita geratuko da. Baliteke gauean euri pixka bat egitea eta elurra 1000 m ingurutik gora. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, suabe, eta egunez tenperatura apur bat igo egingo da; balio altuenak 5 eta 10 ºC artekoak izango dira.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide