Ekoran ere Udalaren kudeaketan parte hartzen hasi dira herritarrak

Mirian Biteri 2016ko ots. 13a, 12:00

Larunbatean egindako bilkuran 50 lagun inguru elkartu ziren; askotariko gaiak jorratu zituzten.

 

AIZ-ZTI plataforma independenteak gidatzen du ekainetik Ekorako Udala. Beste proposamen askoren artean, hauteskunde programan batzar parte-hartzaileak egitea aurreikusten zuen, eta dagoeneko bete egin du agindutakoa. Joan den larunbatean egin zuten lehen batzarra, Udalaren egoera ekonomikoaren berri emateko eta herritarren ideiak eta zalantzak jasotzeko. 

Pozik dago Joana Lopez alkatea esandako bilerak izandako erantzunarekin: "Lehenengo bilera izateko oso pozik gaude jendearen onarpenarekin; gutxi gorabehera 50 lagun elkartu ginen; kontuan izanda 300 bizilagun baino ez garela ez dago txarto". Batzarrak egitearen zergatiaz ere hitz egin du Lopezek: "Badakigu osoko bilkurak publikoak direla, baina horietan zerrendan aurreikusita dauden lauzpabost gai baino ez dira jorratzen, eta ez herritarrek nahi dituzten kontu guztiak; batzar irekiek horietaz jarduteko aukera ematen dute". 

Igerilekuak

Esan bezala, Udalaren egungo egoera ezagutarazi zuten udal ordezkariek: "Udal gehienak antzera gabiltzala uste dut. Ekorako Udalak 81.000 euroko mailegua dauka, igerilekuena. Eusko Jaurlaritzari ere 12.000 euro zor dizkiogu. Horren berri eman diegu herritarrei, eta Udalaren diru sarrerak urteko gastuak ordaintzeko izango direla ere", azaldu du alkateak. Egoera ekonomikoaz gain, askotariko gaiak izan zituzten berbagai ordu eta erdi iraun zuen bileran; tartean, aurtengo aurrekontuak, herriko uren araztegia, auzolanak, obra txikiak, festak edo diru laguntzak. 

Larunbateko batzarra hasiera baino ez da izan; urtero, gutxienez, bi egingo dituztela iragarri du Lopezek.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide