Danborradarako, ume bila

Itsaso Estarrona 2016ko ots. 14a, 09:00

Honezkero, hasi da San Prudentzio egunerako atzera kontua Arabako Diputazioan: zazpi eta 13 urte bitarteko umeen bila ari dira gaztetxoen danborrada osatzeko; opariak zozketatuko dituzte izena ematen dutenen artean.

Danborren burrunba entzuten has daiteke, belarria finduz gero: Arabako Diputazioa San Prudentzio eguneko danborrada prestatzeko lanean hasi da, eta umeen danborradari bultzada eman nahian, dagoeneko gaztetxo bila hasi da. Zehazki, zazpi eta 13 urte bitarteko haurrak eta nerabeak behar dituzte, danbor-jole, barril-jole, soldadu, sukaldari eta miñioiarena egiteko. 

Musikari izan nahi dutenek hiru astearte izango dituzte izena emateko: martxoaren 8a, 15a eta 22a, arratsaldeko 18:30etik 20:00etara. Kantinera bezala ateratzeko eskaera beste egun batean egin behar da: martxoaren 11n, ostirala, 18:30etik 20:00etara. Apaiztegian egin behar da izen-ematea, hirugarren solairuan –88, 89 eta 90 bulegoetan–. Doanekoa den arren, 50 euroko fidantza utzi behar da jantziagatik. Hain zuzen, jantziak amaitzearekin batera itxiko dituzte izen-emateak. 

Entsegu egunak ere finkatuta daude. Martxoaren 1etik aurrera izango dira Gasteizko Iradier Arenan eta, hainbat saio egin ondoren, entsegu orokorra egingo dute apirilaren 24an (igandea), San Prudentzioren bezperatan. Interesa dutenek  telefonoz eskatu ditzakete argibideak (654 37 01 57), baita e-mailez ere (danborradaGasteiz2016@yahoo.es). Laster, xehetasun guztien berri emango dute Aldundiaren webgunean (www.araba.eus).  

Port Aventurara bidaia

Danborradan parte hartzen duten ume guztien artean hainbat opari zozketatuko dituzte: Port Aventurara bidaia, Zuhatza irlan asteburuko egonaldia eta Baskonia eta Alaveserako sarrerak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide