Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidente berria

Erredakzioa 2016ko urt. 24a, 13:06

EAJk Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarraren presidente hautatu berri du. Horrela, Arabako EAJren herrialde batzarrak  herrialde mailako barne kargu berriak izendatu ditu: Araba Buru Batzarra, Aberri Batzarreko ordezkari arabarrak eta Herrialde epaimahaiko kideak.

 Jose Antonio Susok datozen lau urterako erronka Araban EAJren lidergoa sendotu eta hedatzea dela azaldu zuen kargu berria hartzean. “Lortutako gehiengoari eta EAJk akordioak lortzeko duen gaitasun politikoari esker, erakundeak lideratzeko erantzukizuna dugu. Irabaztea garrantzitsua da eta gobernatzea erantzukizun handia. Baina, alderdiak Araban duen posizioa sendotzea benetako erronka da”, azaldu zuen Susok.

  José Antonio Susok pertsona berriak izango ditu lantaldean: Manu Allende, Jone Berriozabal, Unai Grajales, Eugenio Jimenez, Txelis Letona, Miren Nanclares, Raimundo Ruiz de Escudero, Amaia Ruiz de Biñaspre eta José Antonio Zabala. Burukide gisa honako hauek errepikatuko dute: Elisa Irazu, Gorka Iturriaga, José Angel Menéndez, Irune Muguruza eta Claudio Rodríguez.

 

 Jose Antonio Susoren profila

  Araba Buru Batzarraren presidente berria  Maeztun jaio zen duela 59 urte.  Kimikan lizentziatua eta MBA masterduna, enpresa ikasketak ditu.  22 urtez sektore pribatuarekin lotura profesionala izan du eta 2010etik gaur egun arte elikadura arloko enpresa batean kudeatzaile lanetan ari da.

Arraia-Maeztuko alkate izan zen, 1983-1987 agintaldian. Arabako Batzar Nagusietan batzarkide izan eta gero (1988-1991), Arabako Foru Aldundiak Nekazaritza zuzendari izendatu zuten (1991-1995). Geroago, Nekazaritza Diputatu izan zen (1995-1999). 2006 eta 2009 artean  Elikadura industrien sailburuorde izan zen Eusko Jaurlaritzan. Urtebete lehenago zuzendari izan zen sail berean (2005-2006). Azken lau urteetan herrialde buru batzarreko kide izan da (2012-2016).

  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide