Berantevillako lantegirako "neurri zehatzak" eskatu dizkio Aldundiak Aernnovari

Erredakzioa 2016ko urt. 25a, 15:28

Gaur goizean enpresa batzordeko kideak diputatu nagusi Ramiro Gonzalezekin bildu dira ondoren eta euren "kezka" plazaratu diote.

Gaur goizean Aernnovako langileek elkarretaratzea egin dute Foru Aldundiaren aurrean, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezekin bildu baina ordu erdi lehenago. Bilera honetan, momentu honetan Berantevillan kokatzen den enpresak dituen zailtasunak aztertuko dituzte Aernnova enpresako lan batzordeak eta Gonzalezek.

Aurreko ostiralean, Aernnovako zuzendaritzak lan batzordeari jakinarazi zion lantegian behargin gutxiago izatea ezinbestekoa zela eta lantaldea 400 edo 430 langilera murriztu nahi du zuzendaritzak. Modu honetan, 145 lanpostu kendu nahi ditu enpresak.

"Neurri zehatzak" Arabako lantegirako

Gaur goizeko bileran, enpresa batzordeko kideek helarazi diote langileak arduratuta daudela enpresaren jardueraren jarraipenaz, orain arte ez baita hartu neurri jakinik horretarako. Ramiro Gonzalezek arduratuta egotea ulertzen duela adierazi die langileei eta aldundiak Berantevillako lantegia iraunarazi eta haren etorkizuna bermatzeko neurri jakin batzuk hartu nahi dituela azaldu die. Horrela, Aldundiak Arabako lantegiaren etorkizuna bermatzeko aurrera eramango dituzten neurriak zehazteko eskatu dio Aernnovari, Gonzalezek jakinarazi bezala.

 

"Gure iritziz egoera bideratu da, baina hori behin betiko eta eragingarri izan dadin neurri jakin batzuk hartu behar dira, eta esperantza daukat hilabete gutxi batzuen buruan ikusiko dugula nola handitzen den enpresaren lan karga eta nola bermatzen den lantegiaren etorkizuna”, gaineratu du ahaldun nagusiak. Bukatzeko, Arabako diputatu nagusiak jakinarazi du gaur bertan jarri dela harremanetan enpresarekin berriz ekiteko aldundiak egoerari buruz daukan iritziaren gainean.

 

Orain bi hilabete, Arabako Aernnovak 133 lanpostu suntsitzea aurreikusten zuen Enplegua Erregulatzeko txostena bertan behera utzi zuen.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide