Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain eta Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko buruak Arabako toponimia nagusia aztertzen duen Araba/Álava. Los nombres de nuestros pueblos liburua aurkeztu du Foru Aldundian.
Liburuaren xedea Arabako toponimia nagusia da eta Euskaltzaindiaren Izenak bildumaren barruan argitaratu da, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin. Baina Arabako herrien izenak emateaz gain, izen horien inguruko azalpen guztiak eskaintzen ditu: herrien izen arautuan dokumentazio aldaerak, euskal mikrotoponimiako lekukotasunak, ebakera eta etimologia biltzen dira gehienetan. Zenbait aldiz, gainera, herritarren izena, euskal testuetan agertzen diren toponimoen aldaerak, alonimoa (herriaren beste izena) eta oharren bat azaltzen dira.
Lanaren bukaeran, Salaberrik ondorio linguistikoak atera ditu, hots, euskararen eta gaztelaniaren historiari doazkion kontuak aipatzen ditu.