Arabako natura, ardoa, ondare historikoa eta gastronomia Fitur azokan

Erredakzioa 2016ko urt. 18a, 14:03

Arabak eskaintza aberats eta anitza eskainiko du Fitur azokan, turista mota desberdinei egokitua.

Arabako Foru Aldundiak eskaintza aberats eta anitza aurkeztuko du datorren asteazkenean hasiko den Turismo Nazioarteko Azokan (FITUR), turista mota desberdinetako eskariei egokitzeko gauza izango dena. Natura, kirola, ardoa, ondare historikoa eta gastronomia izango dira bere ardatzak, lurraldea familia turismorako gune egokia bihurtzen duten erakargarritasunekin batera.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak gaur aurkeztu du eskaintza hori; izan ere, Arabako aldundiaren estrategia turistiko berriaren abiapuntua da eta hiru helburu betetzeko diseinatu da, hain zuzen, turista kopurua hazi, haien egonaldiak handitu eta sustatzea arabarrek lurralde barruan turismoa egin dezaten.

2015eko balantzea positiboa da, turista gehiago sartu baita eta gau gehiago egiten baitute, eta abenduko datuen faltan, % 6,3 eta % 4,6 izan dira, hurrenez hurren, Eustaten datuen arabera. Dena den, eta azken urteotan gertatu ohi denez, batez besteko egonaldiak ez du erabat gora egiten eta horixe da, izan ere, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailaren erronka handienetako bat legegintzaldi honetarako.

Estrategia turistiko berriak datozen hiletan zabalduko diren hiru tresna nagusi ditu, hauexek: web orri berria, elkarreragilea, dinamikoa, erabilgarria eta erakargarria, Arabaren marka turistikoa sustatu eta tinkotzeko Interneten, gizarte sareetan presentzia aktiboaren laguntzaz; produktu turistikoak “kartara” turista mota desberdinei egokituak; eta koordinazio gehiago eta hobea kuadrillen artean, eskaintza zabala eta osoa egin ahal izateko.

Laugarren oinarria izango da ekitaldi eta jarduera agenda egitea eskualde arabarretan, barruko turismoa sustatzeko urte osoan zehar.

Fitur azokan Arabak presentzia izango du Euskadiren standean, Arabako Errioxari eta Haranak eta Mendiei eskainitako guneetan; gainera, Gasteizko Udalak berak kudeatuko duen erakusmahai bat izango da Gasteizerako.

Natura, kirola, ardoa eta gastronomia

Natura eta kirol turismoa nabarmena izango da Fitur azokarako prestatu den material informatiboan; izan ere, eskuorriak izango dira parke naturalei, ibilbide berdeen sareari, ibilbide luzeko bideei eta Izkiko golf zelai publikoari buruz. Arabako eskualdeetako eta bere hiriburuko ondare gastronomikoa eta historikoa ere izango dira bertan, Done Jakue Bidearekin eta Añanako Gatz Haranarekin batera.

Enoturismoa izango da protagonista Arabako Errioxako gunean. Ardoaren Ibilbidearen elkarteak eskualdeko baliabide turistikoak zabalduko ditu bere erakusmahaian hainbat mapa eta foiletoren bidez, eta ardoari buruzko informazioa ez ezik kultura ondareari eta mendi ibilaldiei buruzkoa ere izango da. Halaber, kalitate ezaguneko tokiko produktu bat sustatuko du, alegia, oliba olioa, dastaketa eskuliburu baten bidez.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide