95.144 bisitari izan zituen Artiumek iaz

Erredakzioa 2016ko urt. 14a, 12:42
Argazkia: David Mangana

2015. urtean 95.144 bisitari izan zituen guztira Artiumek, 2014an baino puntu bat gehiago.

Horrela, azken urteetako bisitarien batez bestekoari eutsi dio Museoak, baina, gainera, ehuneko bateko hazkundea izan du 2014rekin alderatuta. Alde artistikoari dagokionez, gertakizun aipagarrienak amaitu berri den urtean, besteak beste,  CA2Mrekin batera antolatu den PUNK nazioarteko erakusketa, mugimendu horrek arte garaikidean izan duen eraginari buruzkoa; Ikonokrazia, kubatar artearen ikuspegi berritzaile bat, CAAMekin elkarlanean antolatua, eta egoitza horretan urtarrilaren 29an inauguratuko dena edo Artium Bildumaren beste aurkezpen bat, Irribarrearen segada izenekoa, besteak beste.

Zentro-Museoak antolatutako jardueretan izan den parte-hartzeari dagokionez, bisitari guztien ehuneko 7 ikastetxeetako ikasleak izan dira, eta hezkuntza-programetan hartu dute parte. Liburutegi eta Dokumentazio-Zentroak, jakina denez arte eta kultura garaikidean espezializatuta dagoenak, bisita-kopuru osoaren ehuneko 11 jaso du. Kultura-jarduerek (hitzaldi, zinema-ziklo, ikastaro, arte eszeniko…) guztiaren ehuneko 22 jaso dute, eta atal horretan parte hartu dutenak aurreko urtean baino ehuneko 28 gehiago izan dira guztira.

Kopuru horiei erakusketen bisitariak gehitzen bazaizkie, ateratzen den ondorioa da bisitarien ehuneko 75ek parte hartu duela kultur-ekintzako jardueraren batean.

Artiumeko erakusketa bakoitzak izan dituen bisitariei dagokienez (bisitari batek erakusketa bakar bat edo gehiago ikus ditzake), 2015ean Eragabetasuna izan zen ikusiena (Daniel Castillejok komisariatutako Bildumaren aurkezpena), ia 13.000 bisitari izan baitzituen.


Bisitarien jatorriari dagokionez, aurreko urteetako joerari eusten dio Artiumek, eta erdia Euskal Autonomia Erkidegokoak eta beste erdia kanpokoak izan dira 2015ean ere. Zehatzago esanda, hamar bisitaritatik ia hamar arabarrak izan dira, eta Espainiaz kanpokoak ehuneko 20 inguru. guztiaren ehuneko 29 beste autonomia erkidego batzuetakoak izan dira —Madril, Katalunia, Nafarroa eta Valentzia dira, hurrenez hurren, nagusiak–, eta ehun bisitaritik 13 Bizkaitik eta Gipuzkoatik datoz. Udako hilabeteetan, abuztuan bereziki, asko hazi zen Euskadiz kanpoko bisitarien kopurua, eta hilabete horretan ehuneko 70 baino gehiago izan ziren kanpotarrak.

 

Interneti dagokionez, Artiumen webguneek 326.000 bisita baino gehiago jaso zituzten, 2014ko 250.000 bisitak baino ehuneko 30 gehiago.

 

 

 


 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide