Armentiako Animaliak Babesteko Zentroa berrituko du udalak

hirinet 2015ko aza. 11a, 01:00

Udala Armentiako Animaliak Babesteko Zentroa hobetzeko duen proposamena aurkeztu du gaur goizean. Instalazioak nabarmen modernizatzeko eta bertan hartutako txakur eta katuen ongizatea bermatzeko neurriak jasotzen ditu planak.

 

Funtsean, Udalaren planak zentroa kokatuta dagoen eraikina datorren udarako handitu eta eraberritzea aurreikusten du eta bertako langileei baliabide material gehiago ematea. Armentiako zentroko langileek Udal gobernuari helarazi dizkioten proposamenak proiektuaren  txosten teknikoan jaso dira; horien arabera, instalazioetan hainbat hobekuntza egin beharra dago: bulegoak, lanabesak eta animalientzako espazioa. Zehazki, gaur goizean Álvaro Iturritxak aurkeztutako proiektuak hainbat ekintza barne hartzen ditu, besteak beste,  zentroaren kudeaketa integralerako informatika programa berria, bulegoak handitzea eta espazioak berregituratzea, dokumentuen digitalizazioa eta albaitaritza kontsulta, ebakuntza-gela bereiztea, txakur eta katuentzako koarentena esparrua jartzea eta txakurrak paseatzeko eremu berriak sortzea.

 

Berritzeaz gain, lurralde osorako zerbitzu integral bihurtzea da asmoa. Izan ere, udal gobernuak Arabako Foru Aldundiarekin batera lan egingo du ematen den arreta hobetzeko, azken bi hamarkadetan Animaliak Babesteko Zentroak probintzia osoari eman baitio zerbitzu. EAEko Animaliak Babesteari buruzko  6/1993 Legearen 15. artikuluaren arabera, udalei eta aldundiei dagokie abandonatutako animaliak jasotzea eta ABZ arduratzen da horretaz, Arabako Foru Aldundiarekiko aldian aldiko hitzarmenen bidez.

 

Udal baliabidea, aldundiko Nekazaritza Sailarekiko lankidetzan, mikrotxipak jartzeko eta erroldatzeko kanpaina intentsiboak egingo ditu lurralde osoan, horrek abandonatutako animalien kudeaketak bi administrazioei eragiten dizkien gastuak gutxitzea ahalbidetuko baitu. Hartara, animalien jabeak identifikatu ahalko dira, erantzukizuna beren gain har dezaten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide