Basakatu bat begiztatu da Salburuko hezeguneetan

hirinet 2015ko urr. 7a, 02:00

14 urte eta gero, basakatua agertu da berriro Gasteizko Eraztun Berdean.

 

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jakinarazi duenez, Salburuko hezeguneetan ibili ohi den natura argazkilari batek, Jose Antonio Legaristik, basakatu bat begiztatu zuen irailaren 14an, eta argazkiak ateratzeko zortea izan zuen. Gerora, urriaren 3an, parkean ohikoa den beste argazkilari batek, Patxi Varonak, espezie horretako ale bat (ziur aski aurreko bera) begiztatu ahal izan zuen.

 

14 urte egin behar da atzera, 2001eko negura arte, Salburuan harrapari hori agertu izanaren aipuen bila. Garai hartan, basakatu eme bat atzeman zuten, eta gero askatu, parkean zegoen karniboro komunitatea analizatzeko jarritako tranpa batean.  Urte berean, ar bat hil zen Salburua inguruetan, auto batek harrapatuta. Horrenbestez, haragijale hori inguruan agertu izana oso albiste ona da, IGItik azaldu dutenez.

 

Izan ere, basakatua Arabako Lautadan orain dauden harrapari nagusietako bat da, azkonarrarekin, azeriarekin eta igarabarekin batera. Katu sendo baten itxura du: arrak 5 kg izatera heldu daiteke, eta emeak, 3,5 kg-ra. Ile arre-grisaxka dute, marra beltzek zeharkatua; isatsak ere marrak ditu inguruan, eta punta beltz eta zabala. Animalia txikiak eta ertainak jaten ditu, bereziki karraskariak.

 

Basoa maite du, ezkutatzeko babesleku egokiak behar baititu; askotan zuhaitz zaharrak baliatzen ditu, zulogune sakonekoak. Hori dela kausa, Arabako Lautadako haran barrenean oso bakana da, oso gutxi baitira ongi kontserbatutako baso zaharrak.

 

Bizitzeko baso egoki gutxi izateaz gain, basakatuak beste arazo batzuei egin behar die aurre, hala nola gizakiek eragindako heriotzak (harrapatzeak, esaterako) eta etxeko katuekiko hibridazioa. Ohikoa izaten da nolabaiteko hibridazioa gertatzea, bai eta Salburuan begiztatutako alearen antzekoetan ere, itxuraz espeziearen ile ezaugarriak izan arren. Euskadin populazioa urria da, eta mendilerroetako basoetan biltzen da, gehien bat Araban. Hori dela eta, karniboro hori mehatxatutako espezietzat jo da EAEn, eta “interes berezikotzat”.

 

Basakatuak animalia bakartiak dira, eta amengandik neguaren aurretik aldentzen dira. Baliteke horregatik agertu izana ale hori Salburuan, alegia, lekutzeko lurralde berri baten bila dabilen ale gazte bat izan liteke.

 

Irudia: José Antonio Legaristi

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide